Illarramendi: «Harro egotekoa da Anoetak nire izena oihukatzea»

Taldeak eginiko liga hasiera ona goratu du erdilariak, eta Lehen Mailan «eroso» jokatzen duela azaldu

Erredakzioa
Donostia
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Anoetako zaleek kutun berria dute: Asier Illarramendi (Mutriku, Gipuzkoa, 1990). Herenegungo partidaren amaieran bere izena aho batez oihukatu zuten. Azken minutuan korrikaldi luzea egin zuen atzerantz kontrarioen pase bat galarazteko, eta harmailak bere oinetara jarri zituen. Berak ere entzun zuen gorazarre publikoa. «Bukaeran gihar bikiak karga-karga egin nituen, baina ahal bezainbeste egin nuen korrika azkenera arte. Harro egoteko modukoa da Anoetak nire izena oihukatu izana. Zaleen bultzada oso garrantzitsua da».

Erdilaria denboraldi hasierako ustekabe gozoena izan da, Iñigo Martinezekin batera. 2. B mailatik Lehen Mailara igaro da, hala ere, «oso eroso» aurkitu du bere burua lau partidetan, eta sistemak mesede egiten diola uste du. «Baloia dezente izaten dugu, eta niri hori gustatzen zait». Beteranoa dirudi zelaian, patxadaz jokatzen du, baina berak ere sumatu du jauzia: «Erritmoa da aldea. Korrika gehiago egiten da, eta erritmo biziagoan jokatu».

Granadaren aurka erdiko lerroa osatu zuen Aranburu eta Marigaren alboan, eta behin baino gehiagotan trukatu zituzten postuak. Illarramendiren iritziz, hori egin ahal izatea bertutea da. «Ni aurrean hasi nintzen, eta golaren ondoren atzeratu egin nintzen Aranburuk aurrera egin zezan. Hirurok joka dezakegu hiru postuetan, eta hori ona da ». Gazteari berdin dio aurrean edo atzean jokatzea, postu bakoitzak bere ezaugarriak dituelako, eta bietan ondo moldatzen dela uste du. «Niri jokatzea gustatzen zait, eta jokatzekotan, bost axola dit non».

Sevilla eta Bartzelona bezalako bi talde handiren aurka jokatu ondoren, Reala sailkapenaren erdialdean dago. Liga hasiera ona izan da, eta zaleen artean ilusioa piztea zilegi da; Illarramendik, halere, ez du uste euforia zabaldu beharko litzakeenik. «Hasiera ona izanda ere, helburua ez da aldatu: mailari eustea... eta ahalik eta bizkorren lortuz gero, hobeto». Realak ez du atsedenik izango, eta gaur goizean lan saioa izango du Zubietan .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.