Asier Illarramendik Anoeta estadioko prentsa aretoan egin du agerraldia, Realeko presidente Jokin Aperribai eta talde txuri-urdineko kirol zuzendari Lorenekin batera.
Erabakiaren berri eman du mutrikuarrak: “Erabakia ez da erraza izan. Asko kostatu zait erabakitzea. Realak dena eman dit, eta naizena Realari esker naiz”, adierazi du. "Onena" opa die taldekide ohiei eta Jagoba Arrasate entrenatzaileari: "Arrakasta izango dute, eta Jagobari zorterik onena opa diot; pertsona eta entrenatzaile bikaina da".
Halaber, gaineratu du Reala "maite" duela eta nahiago duela pentsatu "gero arte bat" izango dela, "agur" bat baino gehiago. Jakinarazi du oporretan zegoela izan zuela Real Madrilen interesaren berri, baina haren ordezkariek kudeatu dutela gaia.
Aperribaik azaldu du klubaren asmoa Illarramendi Realean geratzea zela: "Eskertzen dizkiogu gurekin eman dituen urteak. Pena handia dugu”. "Urte garrantzitsu bat dugu aurrean, kirol arloari dagokionez, entrenatzaile gazte batekin. Jokalari guztiek hemen jarraitzea nahi genuen”, erantsi du.
Real Madrilera
Amaitu dira Illarramendiren etorkizunari buruzko zalantzak. Gaur ordaindu du Real Madrilek haren etete klausulari dagozkion 30 milioi euroak, eta Illarramendi bera ez da joan gaur Zubietara, Realarekin entrenatzera. 2019ra arte fitxatu du Espainiako taldeak.
Halaber, Real Madrilek ordainduko ditu BEZari dagozkion 6,3 milioi euroak.
Atzo itzuli zen oporretatik mutrikuarra, eta zalantzak ziren ea Zubietan agertuko ote zen. Bertan izan zen, eta zaleek ongietorri beroa egin zioten, Realean gera zedila eskatuz.