Illarramendik oso zail du jokatzea, atzoko lan saioan ziztada bat nabaritu ostean

Imanolek eta Marcelinok bat egin dute: «Goza dezatela finalarekin».

Imanol aginduak ematen entrenamendu batean. RFEF
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko apirilaren 2a
12:32
Entzun

Imanol Alguacil Realeko entrenatzailea itxaropentsu agertu da Espainiako Kopako finalera begira, eta mezu bat argi zuela agertu da hedabideen aurrean: «Gauza handiak egin ditugu, baina, talde honen historian sartu nahi badugu, irabazi egin behar dugu». Mezu hori transmititu nahi zuen, eta behin baino gehiagotan errepikatu du kazetarien aurrean. Partidari buruz mintzatzean, jokalari guztiak sasoiko daudela esan du, eta Mikel Merino, Martin Zubimendi eta Aritz Elustondoren inguruan egon zitezkeen zalantzak uxatu ditu. Era berean, zaleei eskatu die, irabaztekotan, «zentzuz» ospatu dezatela titulua.

«Gaur arte, maleta egin eta zaleek agurtu gaituzten arte, aste oso arrunta izan da», azaldu du Imanolek. Gaur, baina, dena aldatu da, eta zaleengandik jasotako agurra eskertu du. Iaz, Mirandes kanporatu ondoren, esan zuen kanpoko zirrara horrek taldeari eragin ziola, baina egun ez da horren beldur. «Urte eta erdi honetan taldeak heldutasun handia lortu du, eta horrek ez nau arduratzen. Kudeatuko du». Zaleei buruz hitz egiten jarraitu du, eta patxada eskatu die: «Irabazten badugu zentzuz ospatu dezaten eskatzen diet. Zein egoeratan gauden ez da ahaztu behar».

Partida aztertzean, Athleticek eta Realak elkar oso ondo ezagutzen dutela nabarmendu du. Alde horretatik, jokoaren ekimena hartzearen garrantzia nabarmendu du: «Bere jokoaren nortasuna zelai gainean inposatzen duenak irabaziko du». Eta Realak hori egiteko ezin da kikilduta irten: «Gure jokoa zein den badakizue. Gozatzera eta lehiatzera irten behar dugu, eta irabaztera, taldearen historian sartzeko».

Marcelino: «Amets bat betetzen ari dira»

Marcelino Garcia Athleticeko entrenatzaileak larunbatean zelaira irten aurretik jokalariei esango dizkien azken hitzak antzekoak izango dira: «Gozatzeko esango diet. Pribilegiatuak direla. Futbolari profesional gehienek ez dute horrelako partidarik jokatzeko aukerarik. Nik 17 urteko entrenatzaile ibilbidearen ondoren lortu nuen aurrenekoz». Motibazio mezuak bidali ditu, eta ez du alor emozionala saihestu final bezperako prentsaurrekoan: «Amets bat betetzen ari direla jakin behar dute jokalariek. Umetako euren amets handiena Athleticen jokatzea zen, eta bete dute. Eta hurrengoa final batean sartzea, eta hemen daude».

Partidari dagokionez, «xehetasunen» garrantziaren topikoa errepikatu du, baina bati garrantzi berezia eman dio: «Aukerak hobekien baliatzen duenak irabaziko du. Biok izango ditugu aukerak, gainera. Aukerak baliatzea, eta erabaki onak hartzea». Duela hiru hilabete Espainiako Superkopa irabazi zuen Athleticek Sevillan, eta ez du ezkutatu oroitzapen onak mesedegarriak direla. Halere, ez dio garrantzi berezirik eman, eta nabarmendu du Reala «talde oso-oso ona» dela, eta Imanolek zuzentzen duenetik «nortasun berezia» duela. 

Illarramendi, min hartuta

Asier Illarramendik ere hitz egin du finalaz, baina min hartu aurretik. Prentsaurrekoaren osteko entrenamenduan ziztada bat nabaritu du eskuineko izterrean, eta oso zail izango du jokatzea. Kapitainak, halere, oso motibatuta ikusten ditu taldekideak, eta zaleen babesa goratu du: «Pena da haien aurrean ezin jokatzea. Urtebete itxaron dugu horretarako, baina ezinezkoa da. Dena den, Gipuzkoako herri guztietako banderak dakarzkigu gure alboan daudela ez ahazteko». Ez du ukatu bere burua trofeoa altxatzen irudikatu duela, eta zergatia azaldu du: «Lorpen bat buruan irudikatzea hura lortzeko lehen pausoa da. Eta bai, irudi hori pasatu da nire burutik».

Imanolek egin bezala, Athleticen Iker Muniain izan da zaleei «erantzukizunez» jokatzeko eskatu diena. Partida orekatua espero du, «final guztiak bezala», eta aitortu du azken egunetan Realaren jokoari aurre egiteko arlo bereziak landu dituztela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.