Athleticek 11. postuan amaitu du 2007-2008ko denboraldia, sailkapenaren erdian. Beraz, denboraldi honetarako zituen helburu nagusiak bete ditu: mailari eutsi eta ahal izanez gero estutasun barik bukatzea. Aurrerapauso bat eman duela esan daiteke. Izan ere, azken hilabete eta erdia lasaia izan da Athleticentzat. Erdipurdiko emaitzak eskuratu arren, ez da maila galtzeko arriskuan egon. Beraz, ontzat eman beharko da zuri-gorrien lana.
Hala ere, ez da komeni ahaztea talde zuri-gorria sailkapenaren behealdean egon zela Ligaren bigarren herena bete arte. Azken denboraldi bietako gurutze-bidearekin jarraitu zuen otsail inguru arte. Jokalari, entrenatzaile, zuzendari eta zaleek asko sufritu dute. Denboraldi gogorra izan da. Beraz, Athleticen egoera asko ez dela aldatu pentsarazteko arrazoi bat baino gehiago dago. Taldea mugatua da. Eta futbolean mirarik ez dago. Diruak agintzen du. Beti ez, baina gehienetan taldeen aurrekontuaren araberakoa izaten da azken sailkapena. Athleticek aurrekontu handia duela? Egia da, baina talde zuri-gorriaren aurrekontuak ez du islatzen taldearen kalitatea. Euskal herritarrekin eta Euskal Herriko taldeetan hazi eta hezitako jokalariekin jokatzeak eragiten du aurrekontuaren igoera. Inolaz ere ez jokalarien mailak. Beraz, hurrengo denboraldietan ere zuzenagoa izango da sasoi hasieran aurrera baino gehiago atzera begiratzea. Ezustekoak ez izateko bide bakarra da.
Dena dela, aurrera ere begiratu behar da. Ilusioa izatea osasungarria baita. Gauzak ondo eginda emaitza onak eskura baitaitekezke. Talde askok erakutsi dute baliabide gutxirekin emaitza onak eskura daitezkeela: Osasunak, Recreativok eta Getafek joan den sasoian, Getafek eta Racingek denboraldio honetan... baina betiere oinak lurrean izanda. Athleticek eta bere inguruak argi eta garbi izan behar dute zein den beren berezko lekua. Klubeko ordezkari guztiek euren lana ondo eginda lortuko ditu emaitza onak. Azken denboraldiotan baino askoz hobeto egin beharko dute. Bestela, sufritu egin behar da.
Garcia Makua, nahastuta
Direnak eta ez direnak egin zituen Fernando Garcia Makuak hauteskundeak irabazteko: lehenik eta behin, aurkarien proiektuak zapuzteko kazetariak bidali zituen egitasmoen aurkezpenetara; bestalde, makina bat fitxaketa agindu zuen. Merkatuan zeuden ia jokalari guztiak ekarri zituen. Denborak erakutsi du bi edo hiru jokalariren fitxaketa bazkideak konbentzitzeko izan zela. Agerian geratu da Joaquin Caparrosek ez zuela haien premiarik. Ez zituela gustuko, alegia. Baina hauteskundeak irabazteko balio izan zion. Baita Txato Nuñez eta Sabino Padilla Athleticetik botako zituela aurreratzeak ere. Egin zituen mugimendu guztiak klubean pentsatu barik egin zituen. Athleticek ez baitzuen 13 milioi euro gastatzeko beharrik. Are gutxiago, askoz gutxiagorekin behar zituen jokalariak fitxatzeko aukera izan zuenean. Ordezkari eta sendagile ohiaren kontratuen eteteak ere ez dira debaldekoak izan.
Julen Guerreroren auzia ere uste baino luzeagoa eta nahaspilatsuagoa izan da. Guerrerok bere kabuz utzi behar izan zuen Athletic. Hauteskundeak galdu ondoren Athletic bihotzean daramanak egin dezakeen gutxienekoa da. Bestalde, argi zegoen Garcia Makuak eta bere lan taldeak ez zutela kapitain ohia klubean. Lehenago konpondu beharreko auzia izan zen.
Bestalde, Garcia Makua da San Mamesen minutu bateko isilunearen eztabida berriz piztu izanaren erantzule nagusia. Athleticen jokalari edo presidente ohi garrantzitsuen omenez baino ez dira egin minutu bateko isiluneak. Sekula ez dira Euskal Herriko arazo politikoaren ondorioz kaltetuak izan direnen omenez egin. Ez alde batekoen eta ez bestekoen alde. Athleticen barruan era guztietako iritzi politikoak daude. Beraz, klubarentzat ez da ona izan eztabaida hori mahai gainean ipintzea. Itxita zegoen zauria zabaldu du.
Diru sarreren gainean ere berri gutxi egon da. Presidenteen betebeharra da kluba behar den moduan kudeatu eta ahalik eta diru sarrera gehien eskuratzea. Oraingoz, ez dago diru sarrera berrien berririk. Arlo horretan, aurreko presidenteek ere ez zuten aparteko ekarpenik egin. Presidenteak bere agerraldietan hainbat aldiz erakutsi duen harrokeria ere ez da zaleen gustukoa izan.
Baina gauza guztiak ere ez dira txarrak izan. Fitxaketen artean balekoak ere egon dira. Momentu txarretan Caparrosengan konfiantza erakustea ere onuragarria izan da Athleticentzat.
Caparros, saltzaile ona
Jarraitzaileek eta presidente izateko hautagai nagusiek euren egitasmoetarako gura zuten entrenatzailea zen Caparros. Athleticen norabidea aldatzeko merkatuan zegoen entrenatzailerik aproposena zela iritzi zioten. Langile amorratua, gogorra eta harrobiarekin lan egitearen aldekoa. Garcia Makuak hiru denboraldi eman zizkion Athletic itxuraldatzeko. Lehen urratsa eman duela dirudi. Denboraldi honetan taldeak mailari eustea zuela xede esan zuen. Lortu du. Hori bai, horretarako fitxateka asko egin zituen udan. Egungo Athleticek ez dauka zerikusirik joan den sasoian Felix Sarriugartek, Jose Manuel Esnal Mane-k eta enparauek zuzendu zutenarekin. Bide batez, sasoi berean bi urrats batera egiteko aukera ere izan du. Intertoto Kopan sartzea gertu izan baitu Athleticek. Baina Caparrosek ere ez du aparteko gogorik agertu. Datorren sasoian beste aurrerapauso bat emateko eskatuko diote. Ez du lan samurra izango.
Caparros langilea dela ezin da ukatu. Baita haren aurretik izan diren entrenatzaileak ere. Baina, langilea izateaz gain, egiten duena saltzeko erraztasuna dauka. Egun, futbolean, ezinbestekoa da norberaren beharraren berri ematea. Harrobiko jokalariak gertutik jarraitu ditu. Euretako askori lehen taldearekin debuta egiteko aukera ere eman die. Erabaki arriskutsuak eta, era berean, garrantzitsuak izan dira. Athleticen nahitaez hartu behar diren erabakiak. Gehienetan asmatu egin du. Bestalde, 14 urteko gaztetxoak lagunartekoetan zelairatzeak aldeko eta kontrako iritziak izan ditu. Baina Caparrosek argi dauka. «Gaztea izan arren, nagusiekin jokatzeko maila badu, aukera eman behar zaio». Erabili dituen guztiak pauso hori emateko moduan dauden galdetu beharko zion bere buruari.
Gazteei aukera ematea ondo dago. Baita balio ez dutenei gauzak argi esatea ere. Eta bigarrengoan ez du asmatu. Beteranoekin arazoak izateko joera dauka Caparrosek. Deportivon gertatu zitzaion, baita Athleticen ere. Azken denboraldiotan talde zuri-gorriaren alde barruan zuten guztia eman duten jokalari asko utzi ditu alde batera: Murillo, Tiko, Zubiaurre, Luis Prieto, Exposito, Aranzubia -besterik ez zegoelako jokatu du- eta enparauek. Guztiak ez dira txarrak. Aurreko entrenatzaile askok baino aukera zabalagoa izan du, eta ez du aprobetxatu.
Zelai barruan ere esperimentuak egin ditu: Gurpegi eskuin hegalekoan zelairatzea, Ustaritz ezkerrean kokatzea eta beste hainbat erabaki ez dira logikoak izan. Gauza bat da probak egitea eta beste bat edozer egitea. Hala ere, azterketa gainditu duela esan daiteke.
Gazteak oso ondo, izarrak pattal
Athleticen abian da belaunaldi aldaketa. Lesioak, adina eta profesionaltasun eskasa tarteko, teorian talde zuri-gorriaren pisua eraman behar zutenek ez dute eurengandik espero zena eman. Orbaiz, Yeste, Del Horno eta Etxeberria, besteak beste, ez dira jokalari erabakigarriak izan. Eurekin batera Ocio, Iraizoz eta David Lopez ziren taldearen ardura hartzeko aukeratuak. Atzelariak ondo bete du bere lana -bere mugak zeintzuk diren jakin beharko luke-, atezaina bikain aritu da jokatu duen bakoitzean, eta erdilariak huts egin du. Ez da ondo aritu.
Baina gauza guztiak ez dira txarrak izan. Bestela Athleticek ez luke Lehen Mailan jarraituko. Gazteak hazi egin dira. Indartsu datoz. Amorebietak denboraldi osoa egin du, eta taldeko onena izan da. Susaetak ere bizipoza eman dio zuri-gorrien erasoari; Athleticek eibartarraren dohainak dituen jokalari baten behar gorria zuen. Eta Llorentek ere bigarren itzuli ikusgarria egin du. Eurak dira etorkizuna.
Gurpegi, Del Horno eta Yeste
Gurpegik, Del Hornok eta Yestek zelaian baino, zelaitik kanpo eman dute zeresan gehiago. Gurpegik bete du bi urteko zigorra. Hurrengo urteetan futbolari garrantzitsua izango da. Konpromisoa du. Del Hornok eta Yestek, berriz, berri txarrak baino ez dituzte eman. Talentu handiko jokalariak dira biak. Athletici asko eman diezaioketenak, baina euren mailatik urrun daude. Yestek beste aukera bat izango du. Del Hornok ez. Athletic nekatu egin da. Ez du Valentziarekin Gallartakoarekin fitxaketa negoziatuko.
Toquero, lehen fitxaketa
Joseba Llorente zen talde zuri-gorriaren lehentasuna. Hondarribiarrak gurago izan du Vila-Realek egin dion eskaintza. Bestalde, Athleticek gabeziak omen ditu hegaletan: Monreal, Garrido, Del Olmo, Cesar... ditu Athleticek begiz jota. Gainerakoan, ez dago aukera handirik. Ildo horretan, Gaizka Toquero da zuri-gorrien lehen fitxaketa. Denboraldi osoan Sestaon egin duen lana gertutik jarraitu ondoren, aurrelariak Eibarrekin aurreakordioa egin ostean fitxatu du Athleticek. Atzo aurkeztu zuten, eta Garcia Makuak Eibarri ez diotela ezer ordainduko esan zuen. Hala ere, Athleticek berandu ibili den irudipena utzi du. Toquerok, berriz, «ametsa» bete duela aitortu zuen.
Jarraitzaileak
Hamabostean behin San Mames bete dute. Harmailetan daudenean eurak dira onenak. Ikaragarria.
Ilunpetik argirantz
Athleticek denboraldiko helburu nagusia bete du: Liga amaieran lasai izatea. Hori lortuta, datorren sasoiari begira erabakiak hartzeko ordua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu