Iluntasunean nagusi

Hamiltonek berriz utzi du agerian sasoian dela, eta 'pole'-a lortu du Singapurren, Maldonado eta Vettelen aurretik

Iluntasunean nagusi.
Laurentzi Garmendia
Donostia
2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Txapelketan aldaketa sakonak eragin ditzake gaurko lasterketak. Etorriko dira Singapurkoaren itxura desberdina duten lasterketak, baina atzoko sailkatzeak utzi zuen argazkia lasterketa bikain baten abisua da. Sebastian Vettelek behar zuen atzo pole-an, saio libre guztietan nagusitu ostean. Lewis Hamiltonek eta Pastor Maldonadok aurrea hartu zioten, ordea. McLarenekoak sailkatze saio guztian sekulako abiadura erakutsi zuen, eta aurkariak ezinean utzi. Fernando Alonsok bosgarren amaitu zuen, lasterketarako postu arriskutsuan.

Hamiltonentzat urteko bosgarren pole-a izan zen atzokoa. Eta ez hori bakarrik: azken lau lasterketetan hiru pole lortu ditu, eta bi garaipen. Italiakoaren errepikapena gerta daiteke gaur gauean Singapurren, inork ez badu hura geldiarazten. Vettelek huts egin zuen Q3 saioan, bi arrazoigatik. Bata, aurreko saio guztietan Hamiltonengandik oso gertu aritu ostean, azkenekoan urrun gelditu zelako. Eta bestea, horren erruz Maldonadok aurrea hartu ziola. Ikuskizun da venezuelarrak gaur zein erritmo izango duen, baina Williams autoak beti ongi moldatu dira Singapurren.

Oraingo honetan Alonsok ez du Felipe Massaren laguntza izango, brasildarra oso atzean geratu baitzen. Alderantziz, aurkari asko ditu aurretik espainiarrak. Vettel eta Hamilton dira beretzat arrisku gehien dutenak, eta bi horiek bera baino aurreragotik aterako dira. Horrez gain, Jenson Buttonek eta Maldonadok ere kalte egin diezaiokete, puntuak kentzeko egoeran baitira. Beste gidari arrriskutsu batzuk atzean utzi zituen Alonsok. Mark Webber ez zen eroso aritu eta denbora dezente galdu zuen. Kimi Raikkonenentzat are saio okerragoa izan zen.

Alonsoren arreta ez da aurreko postuetan bakarrik egongo. Atzetik dituenak ez baitira lasai egoteko modukoak. Raikkonen bera urruti du, baina pneumatiko sorta gehiago ditu eskuragarri. Lotus autoa lasterketan nabarmentzen da bereziki eta Singapurren ohi baino geldialdi gehiago beharrezko izango direnez, finlandiarra baztertzea ausartegia da. Alonsoren lerro berean Paul di Resta dago, ia espainiarraren denbora berean. Ferrarikoa ez dago inguru erosoan, eta taldekidearen laguntza izango ez duenez, kaltea gutxitzea izango du xede.

Ostiraleko eta larunbateko saio guztien ondoren Vettel eta Hamilton beste guztien gainetik daude. Gauzak normal joanez gero, bi hauek izango dira podiumeko lehen bi mailatan. Alonso gehienez hirugarren izan daiteke, eta horixe izango omen du helburu. Ohikoa da segurtasun autoaren pistaratzea Singapurren, eta gogoan izango dute askok horri esker irabazi zuela Alonsok lehen aldiz bertan.

Denborari dagokionez, urteko lasterketa luzeena da, bi orduen mugara iritsiz. Urteko bigarren lasterketa mantsoena da batez besteko abiadura aintzat hartuta, eta berotasun hezeak oso gogorra bilakatuko du lasterketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.