Iritsi da eguna. Denboraldi-aurreko partidetan emaitza onak izan ditu Osasunak -hamar partidetatik, bost irabazi ditu, eta beste bost berdindu-, baina egiaren ordua iritsi da, eta Vila-realen aurka ekingo dio lehiaketa ofizialari, gaur, Nafarroako Erresuman. Denboraldi-aurreko partidetan ez bezala, gaur hiru puntu egongo dira jokoan, eta Lehen Mailako beste 19 taldeek bezalaxe, irabaziz hasi nahi dute sasoia gorritxoek.Vila-real, Ernesto Valverdek zuzendutako taldea, ez da aurkaririk samurrena, baina Iruñean jokatuko dute norgehiagoka eta, zaleen babesarekin -iragan sasoian baino bazkide gehiago ditu Osasunak sasoi honetarako, 15.500 inguru-, hiru puntuak etxean geratzea da Jose Antonio Camachoren taldearen helburua.
Futbola talde jokoa da, eta abantaila txiki hori izango du, behintzat, Osasunak sasoi honetan: Camachok ondo ezagutzen ditu jokalariak, neurrira egindako taldea du esku artean, eta talde lanean ohituta daude, dagoeneko, gaur zelaian izango diren jokalariak. Aurkarientzat talde deserosoa izatea da Osasunakoen helburua, eta gorritxoen entrenatzailea baikor azaldu zen atzo: «Partidari aurre egiteko egoeran dago taldea. Jokatzen hasteko ilusioa eta denboraldiko lehen hiru puntuak batzeko gogoa dira gakoak. Etxeko partidetan Osasunak beti bere gain hartzen du jokoaren ekimena, eta aurkariek aukera gutxi sortzen dizkigute. Gure zelaian agindu egin nahi dugu».
Aurrean Ligako talderik onenetako bat izango duten arren, irabaztea da asmo bakarra. «Denboraldi berri baten hasiera da, eta bide onetik ekin nahi diogu txapelketari; ilusio horrekin gaude. Vila-real talde lehiakorra da, Ligako onenen artean izaten da beti. Ondo egiten du presioa goian, eta sasoi honetarako Nilmar fitxatu du, oso jokalari teknikoa. Erraz irabaziko dugula pentsatzerik ez dugu, baina partida polita izango da».
Hasierako hamaikakoan, berritasun gutxi aurkeztuko ditu Osasunak. Iragan sasoian gehien jokatu zutenek hasiko dute sasoi hau ere. Aurrean, Aranda Pandianiren ondoan ikustea izango da berritasun bakarra. Iragan sasoiko jokalariak dira, baina ilusio berrituarekin zelairatuko dira gaur, kontuan hartuta iragan sasoi osoa zulotik irteteko ahalegin larrian aritu zirela. Juanfran kili-kolo ibili da aste honetan giharretako arazoekin, baina asteko azken lan saioa arazorik gabe egin zuen atzo, eta Camuñas eta Calleja iritsi berriek aulkian itxaron beharko dute aukeraren baten zain. Bi erdilari espainiarrak aulkian egotea ez da berritasun bakarra izango: ordezkoen artean izango dira ere Galan aurrelaria eta Ruper euskarria, harrobitik lehen talderako jauzia eman berri duten bi jokalariak.
Azken bost denboraldietan hirugarren aldiz, Vila-real izango dute denboraldiko lehen aurkaria nafarrek, eta, martxa honetan, ohiko norgehiagoka bilakatuko da Nafarroako Erresuman Ligako lehen jardunaldirako. Aurrekariak ez dira txarrak. Orain lau denboraldi 3-2 irabazi zuten nafarrek Bernardo Romeo iritsi berriaren bi goli esker. Iragan sasoian, berriz, bana amaitu zen partida. Vila-realek aurrea hartu zuen markagailuan, baina Nekunamek berdindu zuen partida, Masudi egin zioten penalti bat sartuta.
Azken jokalari baten zain
Bestalde, oraindik beste jokalari bat fitxatu nahi duela argi utzi zuen atzo Camachok: «Beste jokalari bat iristea espero dut. Astelehena lan askoko eguna izango da. Defentsarako jokalari bat nahi dugu, hegalean joka dezakeen futbolari bat, Azpilikueta bakarrik baitugu horrako. Erasorako Camuñasen etorrerak aukera berri asko ematen dizkigu, une batean Pandianiren lana egiteko gai ere izan daitekeelako».
Bihar gauerdian amaitzen da fitxaketak egiteko epea, eta Juanjo Lorenzo kirol zuzendaria eta Angel Martin Gonzalez idazkari teknikoa lanean ari dira oraindik azken uneko aukeraren bat baliatu eta Camachoren nahiak asetzeko.
Ilusio berrituarekin
Gaur, etxean, estreinaldian, Vila-reali irabazi eta aurreko sasoietan ez bezala lan txukuna egin dezakeela erakutsi nahi du Osasunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu