Bazkide txartelaren prezio igoerak ez du ilusiorik sortzen. Kontrakoa, hain zuzen ere; Txato Nuñez auziak ez du ilusiorik eragiten; Athleticen, gainerako talde guztietan bezala, garaipenek sortzen dute ilusioa. Eta jarraitzaileak berpiztetik gertu dago Caparrosen taldea. Ez da asko behar. Are eta gutxiago azken denboraldi bietako bidegurutzearen ostean. Baina talde zuri-gorriak Betis mendean hartzen badu, ez da girorik egongo Bilbon.
Talde andaluziarraren aurkako norgehiagoka garrantzitsua da Athleticentzat. Batetik, talde gehienentzat oso gaitza delako izarren ligan bi aldiz jarraian irabaztea. Bigarrenez, sailkapenaren erdiraino igotzeko balio dezakeelako hiru puntuak lortzea. Athleticen aspaldi egon ez den lasaitasuna ekarriko luke horrek. Eta, hirugarrenez, San Mamesen denboraldiko lehen partida irabaziko lukeelako. Iaz hamalaugarren jardunaldia arte itxaron behar izan zuen Athleticek etxean lehen partida irabazteko. Denboraldi honetan bide bertsua hartu du. Gaur bederatzigarren jardunaldia jokatuko da. Etxean bosgarren partida jokatuko du Athleticek. Eta, oraindik, ez du irabazi. Merezi ere ez du merezi izan. «Ligan partida bat irabaztea gura badut hori Betisen aurkakoa da. Baina, une honetan gehien motibatzen nauen gauza jarraitzaileei garaipena eskaintzea da. Zorretan gaude», adierazi zuen atzo Joaquin Caparrosek.
Valladoliden hasitako bide onari jarraipena emateko aldaketa gutxi egingo ditu entrenatzaile zuri-gorriak. Ondo dagoena ez baita aldatu behar -Zorrillan jokatu zuen Athleticek gauza asko du hobetzeko-. Gehienez aldaketa bat egon daiteke. Susaetak David Lopezen postuan joka dezake eskuin hegalean. Errioxarra ez dabil fin. Beraz, erasoan, banakako jokaldietan batez ere, min emateko eibartarraren aldeko apustua egin dezake Caparrosek.
Bestalde, Koikili ezker hegalekoan ariko da berriro. Del Horno osatu da, baina Caparrosek ez du deialdian sartu -Gallartakoaren «ordezko» izatea sekulako pagotxa da. Gutxienez hamabost partida jokatzeko aukera izaten dute berarekin lehian aritzen diren futbolariek-.
Amorebieta, berriz, aukeratuen artean dago. Ezker hankako orkatila osatu zaio, eta prest dago taldea laguntzeko. Caparrosek oso gustuko du, eta litekeena da hasieratik jokatzea.
Ilusioa balio duen garaipena
Susaeta izan daiteke hamaikakoan berria; Del Horno deialditik kanpo utzi du Caparrosek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu