FUTBOLA

Ilusioa eta kezka

Inor fitxatu gabe eta Real Madrilek Illarramendi fitxatuko ote duen zalantzarekin ekin dio denboraldi-aurreari Realak. 

Julen Etxeberria.
2013ko uztailaren 3a
17:00
Entzun

Realak gaur hasi du denboraldi-aurrea, eta hilabete eta erdi iraungo du. Talde txuri-urdinarentzat berezia izango da sasoi hau, Txapeldunen Ligako atarikoa jokatuko baitu abuztuko azken bi asteetan. Abuztuaren 9an jakingo du noren aurka ariko den ligaxkarako sailkatzeko lehian. Astebete geroago, berriz, ligari ekingo dio. 

Ilusioa da nagusi taldeko jokalari, entrenatzaile, ordezkari eta zaleen artean. Baina badago ere kezka, batez ere zaleen artean. Batetik, Realak ez duelako oraindik inor fitxatu; eta bestetik, Real Madrilek begiz jota baitu Asier Illarramendi. Florentino Perez Real Madrileko presidenteak Jokin Aperribai Realeko presidenteari helarazi dio Mutrikuko erdilaria fitxatzeko interesa duela, Espainiako taldean Xabi Alonsori lekukoa har diezaion. Aperribaik, ordea, mezu zehatza helarazi dio: ez duela negoziatuko, eta Illarramendi fitxatu nahi badu, 30 milioi euro ordaindu beharko dituela, jokalariaren etete-klausula. Izan ere, erdilari txuri-urdinak beste bost urterako du kontratua Realarekin.

Ikusteko dago orain Real Madril etete-klausula ordaintzeko prest dagoen, eta noski, jokalaria Reala uzteko prest dagoen. Illarramendik behin eta berriro esan du azken asteetan ez duela Reala uzteko asmorik. Hurrengo egunetan argituko da dena. Mutrikukoak datorren astean ekingo dio denboraldi-aurreari, taldekideek baino astebete gehiago baitu atseden hartzeko, Espainiako selekzioarekin 21 urtez azpiko Eurokopa jokatu berri baitu.

Jagoba Arrasate entrenatzaileak "jokalari guztiekin jarraitzea" espero du. Ifran Zaragozara joango den zurrumuari dagokionez, Arrasatek ez du ezer baieztatu oraindik, ez baitu harekin hitz egin oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.