Ilusioa garestia da

Lagun Aro Gipuzkoa Basketek ez gatz ez berakatz bukatuko du liga, azken hiru hilabeteetan bi partida bakarrik irabazita. Makulu diren jokalari askok nabarmen apaldu dute euren jarduna, eta jarrera epelak ere hainbat kritika eragin ditu.

Andy Panko estatubatuarra, denboraldi honetan Ilunben jokatutako partida batean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Eta orain zer, galdetzen diote euren buruari Lagun Aroko zale askok. Bi hilabete geratzen dira liga erregularra bukatzeko, eta hilabete luzeak izateko proportzioa dute. Donostiako taldea ezeren erdian dagoelako sailkapenean, zortzi onenen artean sartu, edo haiengana hurbiltzeko batere aukerarik gabe, baina era berean, maila galtzeko batere arriskurik gabe Granada eta Menorca bost garaipenera daudelako. Liga bukatzeko bederatzi jardunaldi falta direla, zaila da Donostian ilusioa saltzea. Zaila da zerbait saltzea, eta ilusioa piztea oso garestia.

Saltzeko, helburu bat izan behar delako, eta Lagun Arok liga bukaeran daukan helburua zehaztea zaila delako. Donostiarrak 14. postuan daude egun, eta oso zail dute 12. posturaino igotzea, hiru garaipeneko aldea baitu Joventutek, igandeko aurkariak. Zailtasun hori aintzat hartuta, onartzeko modukoa al da 13. geratzea helburu erakargarria izatea? Beste helburu bat 13 garaipenen langa gainditzea da, taldeak ACB ligan lortu duen garaipen kopuru handiena, pasa den denboraldian. Zortzi lortu zituen 2006-2007 sasoian, ACBn egin zuen lehen urtean, eta maila galdu zuen. 11 2008-2009 sasoian, eta 13 iaz. Hazten ari den taldea den neurrian, urtez urte garaipen kopurua handitzen joatea litzateke gutxieneko erronka, baina 13 garaipen horiek gainditzea lantegi zaila da gaur-gaurkoz.

Taldean gaizki dagoelako. Oso gaizki. Valladoliden hartutako astinduak baieztatzen du egoera. Jokalarien jarrera txarra izan zen, ez zuten garaipena lortzeko gutxieneko motibazio eta kemenik erakutsi, eta hirugarren partida galdu zuten jarraian. Ulertzen zaila da halakorik gertatzea, Lagun Arok jarrera ona erakutsi zuelako astebete eta egun batzuk lehenago jokatutako bi norgehiagoketan, Bilbon, eta Donostian Real Madrilen aurka. Hausnarketa eragiten duen datua da beste hau: Lagun Arok azken hiru hilabete eskasetan jokatu dituen 13 partidetatik 11 galdu ditu. 2010eko abenduaren 29an garaipena lortu zuen Granadan, eta 7-5 balantzea lortu. Orduz geroztik bi garaipen bakarrik lortu ditu, eta 11 dema galdu. Estatistika beltza.

«Heldutasuna falta zaigu»

Bolada txar horren zergatiaz galdetu zien atzo BERRIAk Lagun Aroko jokalari biri. Ritxi Uriz kapitaina bata, eta Andy Panko taldeko jokalari onena, bestea. Urizek pasatako astea gogorra izan dela onartu du: «Eskuetan genituen garaipen bik egin ziguten ihes, eta ondorioa Valladoliden ikusi zen. Ez ginen lehiatu, eta kritikoak izan behar dugu gure jardunarekin, ezin delako halakorik ametitu». Pankok jokaldi bakar bategatik lau edo bost partida galdu dituztela gogoratzen du, eta horrek euren buruko indarra asko kaltetu duela: «Oso pobre aritu ginen Valladoliden, baina Bilbo Basket eta Real Madrilen aurka galdu izanaren ondorio zuzena da. Min egin ziguten bi partida horiek, eta ez dugu jaikitzeko gaitasunik eduki».

Bolada txarra, ordea, hiru hilabetekoa da dagoeneko, ez azken astekoa. Zergatik luzatu da hainbeste? «Ez daukat erantzun zehatz bat. Ez dakit arrazoia zein den. Asteko lan saioetan buruko indar handiaz jarduten dugu, eta partidan ere hala jardun behar dugula konbentzitu elkarri, baina partidatan indar hori desagertu egiten da bat-batean, eta horrek asko zigortzen gaitu». Pankoren hitzak dira. Prentsak eta zaleek jokalariek Valladoliden erakutsitako jarrera epela kritikatu dutela galdetzen diogu, eta jokalariak, jarrera baino, trinkotasunaz mintzatzen da: «Heldutasuna falta zaigu, sendotasuna gauzak ondo ez doazenean erantzun egoki bat emateko. Domino efektu bat gertatzen dela esango nuke. Jokalari batek ez du erantzuten, eta bestea kutsatzen du, eta hark bestea, eta azkenean taldea bera hondoratzen da». Pankok kritikak onartzen ditu, «baina esan dezatela zein den soluzioa. Nik nire profesionaltasuna jartzen dut balantzan, ezin dut gehiago egin».

Pankok laugarren urtea du dagoeneko Donostian, eta urtez urte jaitsiera saihesteko helburua apalegia ez ote den galdetuta, honatx erantzuna: «Ni ere izorratuta nago, saiatuta ere ez dugulako zortzi onenen ingurura hurbiltzea lortzen, baina ez daukat irtenbide magikorik. Ez dut aitzakiarik eman nahi, baina ez naiz Lagun Aro elitera eramango duen egia osoaren jabe». Egoera horretan, ze mezu saldu behar zaio zaleari, Ilunbera bertara dadin? Kapitainarena, erantzuna: «Mezua garbia da: liga erregularra duintasunez bukatzea, talde hau ez dela belaunikatzen erakustea, zaleek hori merezi dutelako. Helburua ahalik eta garaipen gehien pilatzea da, helburu hori gauzatzen den neurrian hobea izango delako gure jarrera, eta jakina, zaleen poza. Ni neu konforme nintzateke aurkari guztien aurka lehiatzeko gai izango bagina. Izan gara, eta izateko gai izan behar dugu». Etzi damu dute lehen aukera, Joventuten aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.