Golak: 1-0: Victorrek (75. min.). Epailea: Fernandez Borbalan. Txartel horiak: Mallorcako Pereira, Lopezi eta Marquezi, eta Realeko Bergara eta Ansotegiri. Bestelakoak: 9.916 ikusle Iberostar estadioan.
Zalantzak zor ditzakeen kontzertua izan zen atzokoa. Realak iragan sasoian baino zerbait egin dezakeenaren ustea oso zabalduta dago. Uste hori erasoko jokalarien talentuan oinarrituta dago, musikari onek orkestra fina ezinbestean osatu beharko balute bezala. Bada realzaleen ilusioak atzo bizkarrekoa jaso zuen. Orkestra onek ia beti ondo jotzen dute, etaRealak Mallorcaren zelaian ez zuen soinu onik izan.Tonutik kanpo aritu zen, Mallorcaren presioan galduta, eta aukera garbirik sortu gabe. Abesti aspergarria izan zen, eta merezita galdu zuen, atzeko lerroak partida osoan egin zuen huts bakarraren erruz.
Mallorcak kontraerasoa bilatu zuen, eta giharren argudioa plazaratu zuen Realaren jokalari gazteak itotzeko. Eta hala sartu zuen gola, jokaldi bizi baten osteko erdiraketan Dela Bellak Victor gaizki zaindu zuenean. Perkusio musika ozena orkestra isilarazteko, eta bide batez joko biziarekin lorturiko geldikako jokaldiak baliatzen saiatzeko. Caparrosen laborategia sumatzen zen zelaian, eta falta edo korner bakoitzean Realaren areak goraino beteriko tren geltokia zirudien.
Lehen zatia zozoa izan zen, ia erritmorik gabekoa. Reala hobeto irten zen, eta lehen hamar minutu onen ondoren bere joko josia inposatzen saiatu zen. Erlojuak aurrera egin ahala Mallorcak gora egin zuen, eta jokoari gustuko duen abiadura bizia ezartzen saiatu zen. Bada bi taldeek kale egin zuten euren asmoetan, nahi eta ezin. Berdinketa taktikoa. Oro har etxekoak hobeak izan ziren atsedenaldiaren aurretik, eta aukera gehiago izan zituzten, gehienak geldikako jokaldietan. Azken minutuetan Reala bere arean sartu zuen, baina susto handirik eman gabe. Bakarra izan zen izutzeko modukoa (43. min), eskuinetik ateratako korner batean Conceincaok area txikian buruz jo zuenean. Ate erdira bidali zuen baloia, eta Bravok ondo gelditu zuen gaiztoturiko errematea.
Realak lehen zati grisa egin zuen. Pardo eta Illarramendiren magia ez zen inondik agertu, eta Mallorcak ondo oztopatu zuen Velaren abiadura. Etxekoen eskarmentuak talentua ilundu zuen. Txuri-urdinek baloia zuten, Mallorca etxetik kanpo jokatu bezala aritu baitzen, zain. Baloiari, baina, ez zioten etekinik atera, ukitu eta ukitu aritu ziren, baina sakontasunik gabe. Griezmann hasieratik aulkian uztea erabaki zuen Montanierrek, eta agian haren freskotasuna falta izan zitzaion taldeari. Agirretxe borrokatu zen aurrean, taldeari oxigenoa emanez, baina haren kemenak ez zuen fruiturik eman. Partida hasi eta berehala gol aukera izan zuen Velaren falta batean, baina gora bidali zuen errematea.
Huts bat, gol bat
Bigarren zatian aldaketa gutxi egon ziren. Partidak lehen zatiko gidoia mantendu zuen. Realak antzu jarraitu zuen, eta erdilariek argirik gabe. Mallorcak txuri-urdinak estutzen jarraitu zuen, areaertzeraino iritsi eta erdiraketak bilatuz. Realeko atzelariak ondo zaindu zituzten jokaldi horiek 75 minutuz, Dela Bellak kale egin zuen arte. Etxekoek zelai erdian lapurturiko baloia Javi Marquezi iritsi zitzaion. Erdilariak ezker hegaletik erdiratu eta Victorrek eskuinetik sartu zen De la Bellari aurrea hartuz, eta baloia buruz bidali zuen sareetara.
Realak gola jaso eta berehala izan zuen berdintzeko aukera, Griezmann bi pareta eginez area barnean sartu eta Prieto aurkitu zuenean. Erdilariak, baina, atzelariz inguratuta ez zuen atearekin asmatu. Emaitza alde zuela Mallorca area barruan giltzapetu zen. Realak arnasa hartzeko aukera izan zuen, baina beranduegi zen. Aukera bakan batzuk izan zituen Griezmannek eskutik, baina Aouate bedurtu gabe.
MALLORCA 1. REALA 0
Ilusioa pixka bat baretzeko
Reala ezinean aritu da Mallorcaren presioa eta indarraren aurka, eta merezita galdu du partida oso iluna jokatu ondorenTxuri-urdinen erdilariak ez dira agertu, eta taldeak ez du gol aukerarik sortu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu