Pablo Laso. Lagun Aro Gipuzkoa Basketeko entrenatzailea

«Ilusioa sumatzen dut, baina hotz jokatu behar duen lehena naiz»

Arrakasta edo porrota hiru garaipenen bueltan dagoela dio. Gustura dago taldearekin, baina Panko, Kone eta Tsikitixviliren jardunak arduratzen du. Panko, osatu berri delako; beste bikotea, iritsi berria delako. Loreak bota dizkio Salgado iritsi berriari, baina baita geratzea erabaki duten jokalariei ere. «Oinarri ona dugu», dio ziur

Andoni Urbistondo.
Donostia
2010eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Elkarrizketa guztiak egun pare batean egin zalea da Pablo Laso (Gasteiz, Araba, 1967). Supermerkatuan bezala, Ilunbeko barrunbeetan ilara sortu da arabarraren esanak jasotzera bildu diren kazetarien artean. Joan den denboraldiko taldearen argazki bat erakusten duen aldizkari bat du mahai gainean. Iraganak gauza gutxi esaten omen dizkio: «Mundu hau azkar doa, ez dago egindakoari erreparatzeko tarte handirik. Denboraldi ona izan zen, horrekin gogoratuko naiz».

Hiru egun falta dira liga hasteko. Zer moduz joan da uda?

Uda ere pasatu zen [barrez]. Lanean pasatu dugu ia uda osoa, baina kontent gaude. Nahi genuena edo lor dezakeguna lortu dugulakoan gaude, eta horrek lan karga samurtzen du nabarmen.

Nolakoa da entrenatzaile baten eta bere laguntzaileen udako lana?

Aurren-aurrena, zertan asmatu dugun aztertzen dugu. Oinarri on bat edukitzea funtsezkoa da, eta oinarri horri jarraipena ematen ahalegindu ginen beste ezer baino lehenago. Behin lortuta, gabeziak zein ziren, eta horiek estaltzeko zein aukera genuen aztertu genuen: jokalarien azterketa, altxortegian zegoen dirua...

Pentsatzekoa da dozenaka jokalari aztertuko dituzuela, ezta?

Bai, asko, baina nik ez dut izenen arabera erabakitzen. Ezaugarri jakin batzuk dituen jokalariak bilatzen ditugu, izenen gainetik.

Oinarria zein jokalarik osatzen duten garbi eduki duzue.

Bai, erabat. Ritxi Uriz taldeko kapitaina eta ikurra da. Urteak daramatza gurekin, eta maila on-ona ematen. Ardatza izan da taldearen hazkuntzan, inoiz hitz txar bakar bat esan gabe, eta oinarriko lehen harria izan behar zuen. Domen Lorbekek ez zuen zorterik izan lesioekin joan den sasoian, baina ondo moldatu zen taldera, eta konpromisoa agertu du. Andy Panko taldeko saskiratzaile onena izan zen, eta David Doblas ere etxeko mutila da dagoeneko. Albert Mirallesen ekarpena ere funtsezkotzat jo genuen, eta horregatik mantendu dugu taldean.

Zaila izan al da oinarri hori osatzea?

Ez, ez gehiegi. Jasotzen duten soldata baino garrantzi handiagoa daukan faktore bat nabarmenduko nuke. Beraiek baloratuta sentitzen dira taldean, Donostian, Gipuzkoan, eta hori garrantzitsua da. Eskertzekoa da beraien prestutasuna, eskaintza hobeagoren bat jaso arren, geratzea erabaki baitute.

Oinarri on bat erabakigarria da.

Bai, batez ere gurearen moduko talde batentzat. Guk ezin dugu urtero jokalari sorta bat fitxatu, ez daukagu baliabide ekonomikorik. Ezin dugu fitxatu Bjelica, Rudy Fernandez edo Carlos Suarezen moduko jokalaririk urtero, eta txapelketa taldea ezagutzen dutenei eustea erabakigarria da.

Zailagoa izango da oinarri hori hornitu behar duten piezak lortzea, ezta?

Bai, askoz zailagoa. Kalkulagailuarekin egin behar duzu lana, zer ekar dezakezun, zer ez... Adibidez, Jimmy Baronen kasuan buelta asko eman ditugu. Han eta hemen galdetu dugu, Turkian, AEBetan, Rhode Islandeko Unibertsitatean [han jokatu zuen]...

Geroxeago aztertuko ditugu fitxaketak, baina kalean, zaleen artean ilusioa sumatzen da. Zuk zeuk sumatu al duzu ilusio hori?

Bai, sumatu dut, eta atsegin dut. Komunikabideek diotenekiko, zaleen sentimenduekiko abstraktu samarra naiz, baina gizakia ere banaiz, eta jendeak kalean esan egiten dit talde ona egin dugula eta beste. Atsegin dut jendeak horrela pentsatzea, baina nire zeregina hotz jokatzea da, neu naizelako taldearen jardunaren erantzule nagusia. Hiru urte daramatzat Donostian, eta denetarik ikusi dut. Zuri guztiak ez dira irin, ez onean, eta ez txarrean.

Zerk eragin du ilusio hori, zure ustez?

Litekeena da fitxaketek eragin izana. Jende askok ikusi du Mohamed Kone Munduko Txapelketan, zenbaki onak lortzen. Baronek ere loreak jaso ditu Espainia osotik, hirukoen txapelketako txapeldunorde izan ondoren...

Eta fitxaketa onak al dira?

Nola esango dizu ba kontrakoa jokalari horiek fitxatu dituen entrenatzaileak? Bai, onak dira, baina ñabardurak egin nahi nituzke. Kone justu samar dabil fisikoki, lan karga handia pilatu du, eta ez dut uste hogei puntu eta hamar erreboteko batez bestekoak egingo dituenik. Nikoloz Tsikitixvili ere ez dago bere onenean fisikoki, jarduera faltagatik, eta biei euren jarduna hobetzen saiatu behar dutela esan diegu.

Eta Baron? Azaleko analisiek diote oso jokalari ona izan daitekeela.

Azaleko analisiek. Zuhurtziaz jokatu behar dugu. Oso azkarra da jaurtiketa egiten, potearen ondoren, edo poterik gabe. Mutil ona da, langilea, eta pozik dago. Superkopan esan nuen bezala, defentsa gain-gainean duela saskiratu beharko ditu hirukoak aurrerantzean.

Alegia, Antwain Barbour eta Jason Detrick bezala, horiek ere apustu arriskutsuak direla.

Bai, hala da. Joan den sasoian LEB ligako hiru jokalari ekarri genituen, bi estatubatuarrak eta Rai Lopez. Denboraldi honetan beste jokalari batzuk. Asmatzeko itxaropenarekin.

Bi joko antolatzaile on dituzu behingoz.

Orain arte ere bai. Sergio Sanchezek ez zuen guk espero genuen maila eman, baina horrek Urizen gorakada ekarri zuen.

Baina Javi Salgado jokalari bikaina da.

Bai, noski. Ez geneukan bera fitxatzeko asmorik, Bilbo uzteko beharrean ez zela egongo pentsatzen genuelako. Aukera sortu zenean, berehala bota genion sarea. Fitxaketa bikaina da. Iritsi berria da, baina badirudi gurekin hamar urte daramatzala.

Miralles eta Doblas elkarrekin kantxaratu dituzu zenbait partidatan.

Bai, joan den sasoian Michal Ignerskik 4 postuan jokatzea nahi genuen, baina ez genuen asmatu. Orain Kone dugu, Miralles-Doblas bikoteari atsedena emateko. Tsikitixviliri ere saskipean laguntzeko eskatuko diogu. Oro har, saskipean indar handiagoa dugula uste dut, eta kanpoko lerroan, hiruko jaurtitzaile eraginkorragoak.

Panko osatu berri da. Arduratuta horregatik?

Bai, dezente. Bilbon minutu batzuk jokatu zituen, baina aste batzuk beharko ditu bete-betean egoteko, eta hori ez da ona.

Bost garaipen lortu dituzue denboraldi-aurrean, eta lau partida galdu. Zer esaten dizu balantze horrek?

Ezer gutxi. Denboraldi-aurreko partidak saiakerak egiteko dira, eta niretzat ez da garrantzitsua. Adibide bat emango dut. Real Madrilek 40 puntugatik irabazi zion Alacanti, eta bi egun geroago, Bartzelonak alde beragatik hartu zuen mendean Real Madril. Zer esan nahi du horrek, Alacant eta Bartzelonaren arteko aldea 80 puntukoa dela? Ez.

Esandakoak esanda, zein da Lagun Aroren helburua sasoi honetan?

Postu bat edo beste zehaztu aurretik, Gipuzkoak saskibaloiko maila gorenean talde bat edukitzeak esan nahi duena nabarmendu nahi nuke. Lorpen handia da, Reala Lehen Mailan egotea bezala. Egoera hori ahalik eta luzeena izan dadin da helburua.

Behin mailari eutsi ostean, zein izango litzateke zu konforme geratzeko moduko postua?

Joan den sasoian hiruzpalau jardunaldiren faltan lortu genuen mailari eustea. Kopuru horri beste koska bat jan, eta 10.-12. postuen artean sailkatuko bagina, ni konforme. Joan den sasoian 13. postuan sailkatu ginen, baina Kopan sartzeko zorian egon ginen. Hiru garaipenen bueltan zeharo alda daiteke sailkapena. Manresa, Xacobeo eta Valladoliden aurka etxean galdu genituen partidak irabazi izan bagenitu, zortzi onenen artean geundeke.

Fuenlabrada, Cajasol, Menorca, Estudiantes eta Valladolid, urriko partidak. Nahiko egutegi ona dirudi.

Ez diot sobera erreparatzen egutegiari. Bolada onak eta txarrak erabakigarriagoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.