Aste honetan Osasunako kapitainek egin dituzten adierazpenak entzunda, argi geratu da Jose Luis Mendilibar entrenatzailearen fitxaketak ilusio itzela sortu duela Osasunaren aldagelan. Zaleen artean ere asko ziren Jose Antonio Camachorekin nazkatutakoak, eta entrenatzaile bizkaitarraren etorrerarekin taldeak inguruan hain beharrezkoak dituen batasuna eta ilusioa berreskuratuko dituela dirudi. Horregatik, ilusioak eta baikortasunak irauteko, emaitza bolada txarra amaitu beharra dauka Osasunak. Gaur arratsaldean Espanyoli irabazitajaitsiera postuetatik irtetea da lehendabiziko helburua. Mendilibarren estreinako norgehiagoka izango da gaurkoa, eta okerrak zuzentzen hasteko bidean sartu direla erakutsi nahiko dute jokalariek. Ilusioari eusteko partida da, irabazi beharrekoa.
«Lehen inpresioa oso ona izan da, baina jakinaren gainean nengoen. Badakigu zer den Osasuna, eta zelakoak diren Osasunako jokalariak. Ez da ustekabekorik izan», esan zuen atzo Mendilibarrek, Osasuna zuzentzen egindako lau egunetan zer ikusi duen galdetu ziotenean. Aldez aurretiko jarrera ona sumatu du zaldibartarrak jokalariengan, eta lehendabiziko inpresio on hori partidetan ere izatea da orain gakoa.
Entrenatzaile bizkaitarraren etorrerak eragin duen ilusioa azaldu dute aste honetan Patxi Puñal eta Josetxo Romero kapitainek, baina Mendilibarrek badaki garrantzitsuena emaitza onak lortzen hastea dela: «Jokalariak horrelakoak izaten dira, botatzen duten entrenatzailea beti txarrena izaten da, eta iritsi berria onena. Batzuetan ez dute pentsatzen zer esaten ari diren ere. Dena dela, jokalariek esaten ari direna pentsatzen badute, eskerrak ematekoa da».
Astea erraz pasatzen ari dela argitu zuen atzo Mendilibarrek. «Baina gero igandea iristen da, partidaren eguna, eta hor erakutsi behar dute dena. Hor jada ez du balio entrenatzaileak esaten duenak bakarrik. Eurek hartu behar dituzte erabakiak partidan. Aurrean beste hamaika jokalari dituztenean, orduan erakutsi behar dute erabakiak hartzeko duten balorea». Mendilibarrek ideia bera ibili zuen une oro hizketagai: unea iristen denean erabakiak hartu beharra.
Zaleen laguntzarekin Osasunako jokalariak Espanyol menderatzeko gai izango direla sinetsi nahi du zaldibartarrak. «Zaleak oso ondo egongo direla uste dut, eta lehendabiziko minututik azkenekora arte taldea animatzen ariko direla; ez daukat dudarik». Zaleei eskatzen hasi gabe eurek eman behar dutela zerbait gaineratu zuen Osasunako entrenatzaileak. «Guk indarra ematen badiegu, askoz hobeto. Baina bihar [gaur] seguru nago eurak hasiko direla hasieratik, eta hori ondo etorriko zaigu, partida ona egingo dugula uste baitut». Baikor dago zaldibartarra.
Osasunak azken hamaika partidetatik bakarra irabazi du, baina Espanyol ere emaitza bolada txarrean da. Sailkapeneko postu gozoetan jarraitzen dute kataluniarrek. Baina urtarriletik, Didac Vila eta Victor Ruiz saldu zituztenetik, bata Milani eta bestea Napoliri, eta Osvaldo golegileak min hartu zuenetik, hiru partida jarraian galdu ditu Espanyolek.
Zaleen babesa goraipatu du
Mendilibar ez da fio kataluniarrekin: «Irabazteko asmoz zelairatuko gara, baina futbola badakigu zelakoa den. Beste hamaika jokalari izango ditugu aurrean, eta haiek ere irabazi egin nahiko dute. Partida batean edozer gauza gerta daiteke». Osasuna etxean beti dela aurkari gogorra gaineratu zuen. «Eta ez dut uste aldaketa askorik egongo denik. Zaleen laguntzaz Osasunak beti egiten du aurrera etxean. Bihar ere [gaur] hala egingo dugula uste dut. Espanyolek galdu egin ditu azken hiru partidak, baina hori guretzat ona edo txarra den jakiterik ez dago».
Mendilibarrek zehaztu zuenez, «talde gaztea» da Espanyol. «Eta egin dutenari baino gehiago begiratuko diote egin nahi dutenari. Beldur barik jokatuko dute, baina batzuetan arrisku handiak hartzen dituzte». Osasunako jokalariek hori aprobetxatzen saiatu behar dutela zehaztu zuen entrenatzaileak. «Baina jende askorekin jotzen dute aurrera, bizkorrak dira, eta kontuz ibili beharko dugu».
Cejudo Las Palmasetik fitxatu zuten eskuin hegaleko erdilaria eta Ekhi bigarren taldeko erdiko atzelaria Mendilibarren lehendabiziko deialdian izango dira.
Ilusioari eusteko
Jose Luis Mendilibarren etorrerak ilusioa sortu du; baina ilusioak iraun ahal izateko, emaitza onak behar ditu Osasunak orainGaur Espanyol mendean hartuta jaitsiera postuetatik ihes egitea da iruindarren xedea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu