Ilusioari zirrikitua uzteko

Denboraldi honetan lanak emateko gai izango dela erakutsi nahi du Realak gaur, Sevillaren aurka

Xabier Lopetegi.
2006ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Denboraldi honetan lanak emateko gai izango dela erakutsi nahi du Realak gaur, Sevillaren aurkaXabier LOPETEGI

Donostia

Astean bost egunetan bulegoan zortzi ordu sartu behar dituen langilearentzat ez da samurra oporretatik itzultzea. Futbol jokalarientzat eta jarraitzaileentzat, aldiz, bai. Haiek ez dute idazleak edo kazetariak orri zuriaren aurrean duen deserosotasuna. Haientzat, sailkapenean talde guztiak paretsu ikustea ilusioa hegan egiten uzteko, hutsetik hasteko, bestelako etorkizun batekin amets egiteko aukera da. Baikortasunerako tenorea. Realzaleak ez dira salbuespena. Liga orain bi aste hasi zen, baina, geldialdiaren ondorioz, gaur hasiko dela dirudi. Irailean ohikoa den ilusioaren atea irekita edukitzen saiatuko da Reala etxeko lehen partidan. Zabal-zabalik ez bada, zirrikitu bat uzten, behintzat.

Denboraldi honetan Anoetako zaleek zer-nolako taldea ikusiko duten argitzen hasteko balioko du lehiak, San Mamesekoak arrasto gutxi utzi baitzituen, onerako zein txarrerako. Taldea ondo kokatu eta defenditu zela, hori azpimarratu da gehien. Gola jaso arren, buruz jokatu zuela, behar baino arrisku gehiago hartu gabe. Kronika batzuk irakurrita, une oro egoera kontrolpean izan zuela pentsa lezake partida ikusi ez zuenak, baina banakoa lortu izan ez balu, oso bestelakoak izango ziren interpretazioak. Taldeak erasoan erakutsitako ezina nabarmenduko zuten orduan. Aurkari gogorragoen aurka frogatu beharko du Realak balizko hobekuntza hori, Athleticek ez baitzuen askorik estutu erasoan. Banakoak ilusioaren zirrikitua ez ixteko balio zuen, bederen.

Sevillaren aurka hobeto ikusi ahal izango da, ziurrenik, iragan denboraldiko gaitzak -azken minutuetako txakalaldiak, irregulartasuna, ofizio falta...- iraganak diren. Izan ere, gauza asko egin beharko dituzte ondo txuri-urdinek zer edo zer lortzeko. Lehenik eta behin, erasoan tentuz aritu. Sevilla ez da ekimena hartu eta baloia ukitu eta ukitu ibiltzea gustuko duen taldea. Eraginkortasuna hobesten du; atzean sendo egoteari ematen dio lehentasuna, kontrarioa ustekabean harrapatzeko. Baloia lapurtzen iaioak diren jokalariak dauzka, eta min handia egiten du bere joko zuzenarekin, batik bat. Anoeta estadio zabala da, eta hegaletatik arrisku handia sor dezakete Adriano-Castedo eta Navas-Alves bikoteek -azken horrek, batez ere-.

Europako Superkopan erakustaldia eman zuen Sevillak Bartzelonaren aurka, eta Ligako lehen partidan aise menderatu zuen Levante. Luis Fabiano eta Kepa aurrelariak bolada gozoan daude, azken hori batez ere. Maresca, Marti eta Poulsen euskarri bikainak dira, eta erdiko atzelariek gutxitan egiten dute huts. Zaila dirudi horrelako talde bat gainditzea, baina, Realeko jokalariren batek ondo asko azpimarratu bezala, pentsaezina zirudien ere Sevillak Bartzelonari 3-0 irabaztea. Hiru puntuak lortzeak asko indartuko luke txuri-urdinen aldartea; besteak beste, hurrengo igandean Santiago Bernabeun jokatuko duten partidari begira. Espainiako Ligako maila gero eta handiagoa da, eta kikiltzeko aukerarik ez dago.

Hori dela eta, «bere buruarekin seguru» dagoen taldea nahi du Bakerok. Alegia, iragan denboraldian falta izan zitzaion lehiakortasuna berreskuratzea. Galtzen duenean, aurkaria hobea izan delako galtzea, porrota guztiak ez direlako berdinak. Juanito, Gerardo eta Rivas fitxaturik, zelai erditik behera sistema batekin baino gehiagorekin jokatzeko aukera irabazi du Realak. Ikusi beharko da ofizioa eta sendotasuna ere ekartzen duten, baina agerikoa dirudi defentsaren aldeko apustu argia egin nahi duela entrenatzaileak: «Historian zehar, hori izan da taldearen arma nagusietako bat. Baina hortik aurrera, erasoan kalitatearekin atera behar dugu, kalitaterik ez zaigulako falta».

PRIETO ETA FELICIO PREST. Ez da erraza Bakeroren asmoak aurreratzea, ateak itxita egin dituelako entrenamenduak azken egunotan. Deialdiari erreparatuta, ezin da guztiz baztertu hiru erdiko atzelarirekin jokatzea, postu horretan jokatzen duten lau jokalari baitaude 19ko zerrendan -Cifuentes ere sartu du-. Aukera egokia izan liteke, Sevillak bi aurrelarirekin jokatzen duela kontuan hartuta. Alarma gorria piztuta egon da aste osoan, Prieto eta Felicio aurrena eta Kovacevic gero kili-kolo ibili direlako, baina, azkenean, hirurak daude jokatzeko moduan. Portugaldarra zertzelada politak utzi zituen San Mamesen, baina litekeena da Bakerok Uranga hautatzea ezker hegalerako, Alvesen igoerak tapatzeko.

Egun berezia izango da, zalantzarik gabe. Norgehiagoka hasi aurretik, omenaldia egingo diete Superliga jokatuko duen neska taldeari. Halaber, jokalariek besoko beltza eramango dute Joseba Elizondo entrenatzaile ohiaren oroimenez, aste honetan zendu baita. Horrez gain, golak suziriekin ospatzeko ohitura berreskuratuko dute gaurtik aurrera. Realak sartzen badu, bi jaurtiko dituzte. Kanpoko taldeak sartzen badu, bakarra. Egun ezin egokiagoa hautatu dute, azken orduan gauzak aldatu ezean, partida telebistaz ikusteko aukerarik ez baita izango: akordioa lortu gabe jarraitzen dute Sevillak eta Audiovisual Sport enpresak. Telebista kamerei sartzen utziko die Realak, baina laburpenetarako soilik erabili ahal izango dituzte hartutako irudiak. Noiz, eta talde txuri-urdinak Ligan 2000. partida jokatuko duenean. Nahikoa arrazoi bada ilusioari atea ez ixteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.