Gaizka Garitano Eibarreko entrenatzaile berriak argi du: "Ibilbide berri honetan egunez egun joan behar dugu. Jaitsiera gogorra izan da, eta denbora beharko da barneratzeko". Nabarmendu du Eibarren deia "barruraino" iritsi zitzaiola, eta berehala eman zuela baiezkoa. "Lagunek deitzen dizutenean... Beti izan da oso gertu sentitu dudan klub bat, eta, bazkide moduan, kanpotik bada ere gertutik erreparatu diot haren hazkundeari Lehen Mailan egon den urteetan. Eskertuta nago berriro ere nigan jarri duten konfiantzarengatik".
Urte hauetan "oso lan ona" egin dela nabarmendu du Garitanok. "Hori dela eta, ez dute uste hutsetik hasiko garenik. Ondo egin diren gauzak oinarri hartu, gauza berri batzuk erantsi, eta denen artean gauzatuko dugu proiektu berri hau". Mailaz jaisten diren taldeei berehala igotzea eskatu ohi zaie. Horren aurrean "lasaitasuna eta zuhurtzia" eskatu ditu Garitanok. "Gogoan izan behar da Bigarren Maila oso gogorra eta luzea dela. Hobea zarela pentsatzen baduzu, oker zaude, eta horretan ezin dugu huts egin. Faborito hitza alde batera utzi, eta ahalik eta talde lehiakorrena osatuko dugu, umiltasunez eta ilusioz". Ilusio horretan egin du azpimarra Derioko teknikariak. "Amorebietaren ilusio berdina izan behar dugu.
Taldea berriro eraiki behar dutela gogorarazi du. "Ez da erraza, eta bere arriskua badu, egokitzapen bat behar delako. Baina alde onak ere baditu, teknikarioi aukera ematen baitigu guk nahi dugun talde mota eraikitzeko. Hori izango da gure lehen egitekoa". Merkatuaren egoera eta Eurokopa jokatzen dela kontuan hartuta, merkatua mantsoago mugituko dela gogorarazi du. "Halakoetan fitxaketak azken asteetan egiten dira; beraz, hor ere pazientzia izan beharko dugu.
Cesar Palacios kirol zuzendariak, bestalde, nabarmendu du bere aurkezpenean esan zuen moduan kluba eta Eibarren filosofia ondo ezagutzen zuen teknikari bat nahi zutela, eta Garitanok ezaugarri guztiak betetzen dituela. "Esperientzia du, gainera. Nor hobeto taldea zuzentzeko. Iritsiko diren jokalari berriei inork baino hobeto azalduko die zer den Eibar, bera ere entrenatzaile izateaz gain jokalari izan baitzen." Fitxaketen inguruan baino, egun kontratua indarrean duten jokalariez hitz egin du Palaciosek. "Oraindik ez dakigu zenbatek jarraituko duten. Batzuekin hitz egin dugu, eta eskaintza egin dugu. Espero dugu onartzea. Jokalari horiek hemen segitzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, aipatutako filosofia edo balioen transmisio hori egiteko".