Imanol Alvarezek berak jakinarazi du ez duela jarraituko Bera Beran. "Arrazoi pertsonalak" argudiatu ditu, Tati Garmendia kirol zuzendariarekin batera eginiko agerpenean. Alvarezek denboraldi bakarra egin du karguan; hori bai, oso arrakastatua, liga titulua eta Espaniako Kopa eta Superkopa irabazi baititu.
Taldeak oraindik ez du argitu zein izango den entrenatzailea heldu den sasoian, baina Alvarezen "antzeko ezaugarridun" norbait nahi dute. Entrenatzaileaz gain beste hiru jokalarik ez dutela jarraituko ziurtatu dute: Yamiley Rodriguez atezainak, eta Vero Cuña eta Nitsan Dunay lehen lerroko jokalariak.
Txapeldunen Liga: ekainaren 11rako
Bera Berak oraindik ez du ziurtatu Europako Txapeldunen Ligan parte hartzeko izena emango duen ala ez. Europako txapelketa nagusian parte hartzeak ahalegin ekonomiko handia suposatzen du eta taldearen dirukutxa ez dago unerik onenean. Ekainaren 11ra arteko epea dute erabakia hartzeko, eta bien bitartean babesle baten bila jarraituko dute.