Realak eta Imanol Alguacilek bertze urtebetez luzatu dute entrenatzailearen kontratua. Oriotarrak gaur arratsaldean sinatu du luzapena, Jokin Aperribai presidentearekin batera. «Oso pozik nago kontratuaren luzapenarekin. Klubaren konfiantza eta jendearen maitasuna ikusteak oso errespetatua eta baloratua sentiarazten nau», erran du taldeak argitaratu duen mezu batean.
«Gauzak ongi doaz, eta bai Roberto [Olabe, kirol zuzendaria], bai kluba, bai zuzendaritza pozik daude egin dugun lanarekin». Imanolek erran du «beti» sentitu duela klubaren babesa, eta kontratuaren berritzea ez zuela kezka iturri. Ligako hemezortzi jardunaldi jokatu ondoren, txuri-urdinak bortzgarrenak dira sailkapenean, 31 punturekin. Europa Ligarako postuetan daude, eta puntu bakarrera dute Txapeldunen Liga.
Etzi bukatuko dute lehenbiziko itzulia, Anoetan Vila-real hartuta (14:00, Gol). «Zale asko egongo dira partidan, urteko lehena, lehen itzulia amaitzen da, kontratua berritu ondorengo lehena, Errege bezpera, zelaia goraino beteta... Arrazoi asko irabazteko eta pozik joateko beste behin ere», adierazi du entrenatzaileak.
Imanolek 2017-2018 denboraldian zuzendu zuen lehenbizikoz Realaren lehen taldea, bederatzi partidatan. 2018-2019 sasoirako bigarren taldera itzuli zen, baina 2018ko Eguberrietan klubak Asier Garitano kargutik kendu zuen, eta Imanoli eman zion berriz ere lehenbiziko taldearen ardura. Iazko urtarrilean zuzendu zuen bigarren aroko lehenbiziko partida, eta Realak 0-2 irabazi zion Real Madrili.
Guztira, Realak ligako 22 partida irabazi ditu Imanolekin, 12 berdindu ditu, eta 14 galdu.