Apustua azpeitiko zezen-plazan

Iñaki Arratibelek argitu du Larrañagaren mediku gisa joan zela Txikonen kontrako apustura

Alex Txikonek egindako kritikei erantzun die. Federazioak atzo esan zuen Txikonen salaketak "erabat desegokiak" direla, eta antolaketa lehiakideei dagokiela.

Txikon, uztailaren 1eko apustuan. IHINTZA ELUSTONDO, UROLA KOSTAKO HITZA
2017ko uztailaren 13a
17:09
Entzun

Iñaki Arratibel medikuak gutun bat bidali du gaur BERRIAra Alex Txikonek joan den astean haren kontra egin zituen kritiken harira. Arratibelek argi utzi nahi izan du bera Mikel Larrañagaren mediku gisa egon zela zezen plazan, eta Txikoni lagundu bazion hala eskatu ziotelako izan zela. "Alex Txikoni ondoeza egin zitzaionean, laguntzera hurbildu nintzen, begirune etikoagatik eta froga horretan zeuden osasun zerbitzuek horrela eskatuta", esan du oharrean, baina azpimarratu du ez zela ez Txikonen medikua ezta federazioarena ere.

Eztabaida uztailaren 1ean Azpeitiko zezen-plazan piztu zen, Txikonek eta Larrañagak egin zuten apustua dela eta. Txikonek ezin izan zuen apustua amaitu, eta ospitalera eraman behar izan zuten. Aurreko asteko oharrean esan zuenez, hil egingo zela uste izan zuen. Larrañagak ere ondoezik amaitu zuen. Txikonek, joan den astean, medikuen eta Gipuzkoako Herri Kirol Federazioaren jarrera salatu zituen, eta Arratibelen izena propio aipatuz hari leporatu zion hipogluzemiak jota ospitaleratu zutela esan izana eta laguntza behar izan zuenean ez emana. "Medikua gehien behar nuenean, alde egin zuen Arratibelek. Agian, egunen batean pertsona eta mediku ona izango zen… Bergarako kontsultara bidaliko dizkiot hango barrubete batzuk, entrenamendu faltak eragindako hipogluzemiarentzat".

Arratibelek erantzutea erabaki du bere "profesionaltasun eta jarrera etikoari buruz esan eta idatzi direnek familia, lagun eta lankideengan izan duten eragina kontuan hartuz". Arratibelek dio Txikon egonkortu zenean Mikel Larrañaga artatzera joan zela, hura ere zorabiatzen ari zelako: "Ni Mikelen mediku aholkularia nintzelako egun horretan, proba horretan". Gaineratu du aldagelatik joan baino lehen Txikonen taldeko kide bati esan ziola arazoren bat sortuz gero berehala deitzeko. "Ez nuen deirik jaso; hortaz, nire laguntza ez zela beharrezkoa ulertu nuen". Azaldu du, halaber, Larrañagak proba amaitu zuenean Txikonengatik galdetu zuela, eta esan ziotela osasun zentro batera eramana zutela.

Atzo, Urola Kostako Hitza-k jaso zuenez, Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak hainbat azalpen eman zuen, joan den uztailaren 1ean Azpeitiko zezen plazan Mikel Larrañagak eta Alex Txikonek jokatu zuten apustuaren ostean Txikon mendigoizale lemoarrak egindako adierazpenen harira. Federazioak esan du Txikonen adierazpen guztiak "erabat desegokiak" direla. Eta argitu zuen, hain zuzen, apustuetan lehiakideak direla antolaketa lana, eta federazioak kirol alorreko kontrola soilik hartzen duela bere gain proba horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.