Iñaki Errastik eta Ondarroako Arraun Elkarteak tosta berean eserita segituko dute, beste denboraldi batez gizonezkoen traineruko entrenatzaile izango baita. Hirugarrena izango du Aginagako arraunlari historikoak.
Duela bi denboraldi joan zen Ondarroara, aurretik Orio Bko arduradun izan eta gero, eta aurreneko sasoi hartan, Eusko Label ligan zortzigarren izan zen, 99 punturekin. Denboraldi honetan, zazpigarren sailkatu da, 116 puntu batuta. Uda honetako lorpenik handiena Kontxako Banderan lortu du Ondarroak, 23 urteren ondoren sailkatzeaz gain, sailkatze estropada irabazi baitzuen. Gero, Banderako sailkapenean, zazpigarren egin zuen.
Aurtengo Bizkaiko Txapelketan laugarren egin zuen, eta Euskadikoan ere berdin . Iaz, Bizkaikoan ere laugarren izan zen, eta Euskadikoan brontzezko domina irabazi zuen.