Athletic ez dago geldi Kepa Arrizabalagak zer erabaki zain. Buru-belarri ari da etorkizuneko taldea osatzen, eta asmo horretan lehentasunetako bat lortu du, Iñaki Williamsek kontratua berritzea. 23 urteko jokalariak beste lau urterako luzatu du kontratua, 2025eko ekainaren 30era arte, hain zuzen ere. Inork baino etete klausula handiagoa izango du, 80 milioi euro. Gainera, kopuru hori 108ra igo daiteke zenbait baldintza betez gero.
Aspaldi esana zuen Williamsek Athleticen geratu nahi zuela, eta berritzeko negoziazioak "bide onean" zirela. Bada, jada ofiziala da. "Oso zoriontsu naiz. Ametsa bete dut. Espero dut urte askoan klub handi honetako kide izatea. Askotan esan dudan bezala, egon nahi dudan tokian nago. Klubak ahalegin handia egin du, eta nik larrua utziko dut zaleak nitaz harro egon daitezen", esan du kontratua sinatu berritan.
Williamsek 2014ko abenduaren 6an egin zuen debuta lehen taldearekin. 140 partida jokatu ditu, eta 30 gol sartu ditu.