Real Madril 76. Caja Laboral Baskonia 71

Inbertsio txarra da Baskonia

Gorabeheratsu aritu da Ivanovicen taldea: ondo lehen zatian, oso gaizki bigarrenean; eta galdu egin du Madrilen

Andoni Urbistondo.
2011ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Real Madril. Sergio Rodriguez (16), Tucker (5), Suarez (8), Reyes (10), Tomic (9) —hasierako bostekoa—; Mirotic (5), Velickovic (1), Fischer (19) eta Llull (3).

Caja Laboral Baskonia. Marcelinho Huertas (11), Oleson (1), San Emeterio (5), Teletovic (22), Barac (9)—hasierako bostekoa—; Pau Ribas (5), David Logan (6) eta Batista (12).

Markagailua. 16-20, 32-41 (atsedenaldian); 56-47 eta 76-71.

Epaileak. Arteaga, Jimenez eta Munar. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 6.253 ikusle Madrilgo Kutxa Magikoan, ACB ligako 31. jardunaldiko partidan.

Aurrezki batzuk dituzten inbertitzaileentzako aholkua: ez egin inbertsiorik Baskoniaren alde, aurrezki horiek galtzeko arriskua oso handia delako. Burtsak baino gorabehera gehiago dituen talde bat baita Baskonia, egun guztia zaldiko-maldikoan igota ematen duena gora eta behera, baina behean bukatzen duena, oso itxura txarra emanez. Zenbatetan ikusi dugu zale zorrotzenak pozteko moduan jokatzen duen eta minutu gutxiren bueltan ez sinesteko moduko txakalaldia duen Baskonia? Askotan, eta ez dirudi gabezia hori konpontzeko garaiz daudenik, denboraldia bukatzeko gero eta tarte txikiagoa geratzen delako.

Harvardeko Unibertsitate entzutetsuko psikologia katedradun batek ere ezingo luke azaldu zer demontre gertatzen zaion Baskoniari, nolatan alda litekeen zuritik beltzera, zerutik infernura, hain azkar. Lehen zatian, 20-37 aurreratu zen Baskonia 15. minutuan, eta txikitu egin zuen Real Madril. Dena egin zuen ondo, edo dena gaizki Real Madrilek, Baskoniak lagunduta. Eta gero zer?

Gero, normalak ez diren gertaerak. Real Madrilen lehen oldarraldia bigarren laurdeneko hondarrean, 17 punturen aldea bederatzira jaisteko. Aldageletatik nola bueltatu erabakigarria izango zen, eta aurrekariak ez ziren batere onak. Baskonia herren dabil sasoi honetan hirugarren laurdenetan, eta atzo errepikatu egin zen hori. Jakina zen Real Madrilek bere defentsa hobetuko zuela, 41 puntu sartu zizkiolako Baskoniak lehen erdian. Hirugarrenean sei puntu bakarrik sartu zituen Baskoniak, eta bere ezinean hondoratu zen. Real Madril egurrean hasi zen D'Or Fischer eta Felipe Reyes bikoarekin, eta Baskonia hondoratu egin zen, erasoan asmatu ezinik. Errenditu egin zen: opariak eman bata bestearen atzetik. Bederatzi punturen aldea zuen atsedenaldian, bederatzi puntuz zen atzetik azken laurdenaren atarian.

Zenbakiak oso deigarriak dira. 29-6ko partziala Real Madrilen alde hirugarren laurdenean, 36-10ekoa 15 minutuan. Itzalaldi latza, hamaikagarrena dagoeneko. Real Madril estutzen hasi zelako. Baskoniak, ordea, badaki zer datorren, kanporaketetan ez dagoela bromarik, eta estutzen diotenean amore ematen badu, denok etxera eta kito. Lanik egin nahi ez duenak jai du. Sufritu gabe ezin da arrakastarik lortu Europako liga gogorrenean, eta jokalariek Ivanovicen esanei entzungor egiten dietela dirudi.

Aitzakiaren bat bilatzen hasi, eta Baskoniako hainbat jokalariren sasoi txarra azpimarra liteke. Oleson ez dago, San Emeterio muga-mugan dago fisikoki (pattal aritu zen atzo), eta Loganek eta Pau Ribasek ez dute behar adina laguntzen. Huertasen gidaritza uda eta negua bezala dira, eta Teletovicen defentsarako grina ere hutsaren hurrengoa da.

Ondorioa? Baskoniak ia ezinezkoa duela hirugarren tokian bukatzea liga erregularra, eta azken laurdenak pasatzen baditu (atzo bezala jokatzen badu, nekez), liga erregularreko liderra izanen du aurkari. Ondo bidean, Bartzelona, eta aurreikuspenak betetzen ez badira, Real Madril. Bat edo beste, lantegi zaila arabarrentzat. Aurreko sasoian ere, orain ondo, orain gaizki aritu ziren fase erabakigarria hasi aurretik, eta gero liga irabazi, baina aurten lorpen horrek utopia dirudi. Zortzi jokalarirekin ari delako Baskonia, eta horietatik erdiak zama direlako onura baino gehiago. Pazientzia bidaide ona dela diote, baina Baskoniarekin gehiago izatea zaila da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.