Fiskaltzak “talde terroristako kide izatea” eta "lesio delituak eragiteko konspiratzea” leporatu zien Indar Gorriko 11 kideri. Bi delitu horiengatik bi urteko espetxe zigorra eskatu zuen Fiskaltzak. Azkenean, akordioa izan da bi aldeen artean, eta auzipetuek urtebeteko kartzela zigorra onartu dute. Zigor horiez gain, 900 eta 1.900 euro arteko isunak ordaindu beharko dituzte.
Hasiera batean, Iruñeko Bigarren Instrukzio Epaitegiak Indar Gorriko 21 kide auzipetzeko asmoa azaldu zuen, baina horietatik hamarrek epaiketa saihestu zuten gero. Beste 11 auzipetuek gaur pasatu behar zuten Iruñeko Zigor Arloko Laugarren Epaitegitik, bertan hastekoa baitzen epaiketa. Azkenean, ordea, ez da epaiketarik izango.