Jada kalean dira iragan astelehenean atxilotutako Indar Gorriko 18 kideak. Nafarroako Auzitegi Nagusiak igorritako ohararren arabera, guztiak ere ikertuak (iraganeko inputatuak) dira: hamabik hilero epaitegi aurrean aurkeztu beharko dira eta beste seirak hilean bi aldiz. Seiok deklaratzen azkenak izan dira eta taldeko ustezko buru direla deritzo Fermin Otamendi magistratuak.
Auzitegiaren arabera, operazioa ez da Indar Gorriren aurkakoa, baizik eta "indarkeria ekintzetan parte hartzeko talde horretaz ekonomikoki baliatu diren pertsona batzuen aurkakoa". Epaile instruktoreak dioenez, hori frogatuko luketen "zantzu argiak" daude, besteak beste Espainiako Informazio Brigadak edo Guardia Zibilak egindako zaintzak edo esku hartutako telefono solasaldiak. "Indar Gorriren aterki pean edo ekonomikoki bere babesa baliatuta, euren helburua ez zen izango Osasuna babestea baizik eta futbol partidak baliatuta lesio delituetan parte hartzea".
Auzitegiko oharrak polizia txostenei aipamena egiten die, eta horietan oinarrituta talde kriminaleko kide izatea egozten die atxilotuei. Epaile instruktorearen arabera, "antolakunde sinple baina eraginkorra zuten" eta Ega erreka kaleko etxaldean biltzen ziren.
Zaleek taldearen aurkako "razzia poliziala" salatu dute, eta elkarretaratzeak antolatu zituzten herenegun iluntzean. Iruñean, 500 lagun inguru bildu ziren, baina bertan behera utzi behar izan zuten protesta, Espainiako Polizia oldartu egin baitzitzaien.