Hain kilometro gogorrak gutxi egongo dira munduan. Plan de Corones ezaguna da Italiako Girotik —urrutira joan gabe, baita Aiako aldapa ere, Euskal Herriko Itzulitik—. Dolomitetako azken kilometro hori egiteko bost minutu eskas behar izaten dituzte profesionalik onenek. Eta asko da hori. Egiari zor, hain beldurgarria ere ez da Huyko horma: 1,3 kilometro, %9,3ko batez bestekoa, eta %26ko pareta bat. Baina egun munduan dagoen igotzailerik finenetakoak ere gorriak ikusi zituen joan den sasoian Fleche Walloneren azken 300 metroetan.
Gehiegi puztu zen orduan Alberto Contador (Saxo Bank). Indartsu sentitzen zen, eta 300 metro eskaseko ahaleginean hainbestean iraungo zuela pentsatu zuen. Baina Huyko paretak umildu zuen. Ez zuen neurtu indarrik, eta lehertu egin zen. Egia da leherketa eskatzen duela azken igoera horrek, indar leherketa, baina neurtua. Ero-ero jo zuen erasoa, Igor Anton (Euskaltel-Euskadi) gurpilari pega-pega eginda zuela, eta atzetik tximista bezala iritsi ziren gero Cadel Evans (BMC) eta Joaquim Rodriguez (Katuxa).
Charleroitik Huyra, 201 kilometro izango ditu aurtengo Fleche Wallone klasikoak, Ardenetako hirukoteko bigarrenak —joan den igandean jokatu zen Amstel Gold Race, eta datorren igandean jokatuko da Lieja-Bastogne-Lieja—. Muinoak, berriz, hamar izango dira: Huy (1,3 km eta %9,3ko batez bestekoa), Peu d'Eau (2,7 km eta %3,9), Haut-Bois (1,6 km eta %4,8), Groynne (2 km eta %3,5), Bohisseau (1,3 km eta %7,6) , Bousalle ( 1,7 km eta %4,9), Ahin (2,3 km eta %6,5), Huy bigarrenez (1,3 km eta %9,3), Ereffe (2,1 km eta %5,9), eta Huy hirugarrenez (1,3 km eta %9,3).
Luzea da faboritoen zerrenda, baina Philippe Gilbert (Omega Pharma-Lotto) ageri da goiko muturrean, igandean erakustaldia eman baitzuen Amstel Gold Racen. Joaquim Rodriguezek erritmo aldaketa gogorra egin zuen igandean, baina belgikarrak aise utzi zuen atzean. Hain zuzen ere, kataluniarra da gaurko beste faboritoetako bat. Bigarren egin zuen iaz. Contador bera ere ezin da baztertu, nahiz eta erdi gaixo ibili den Gaztela eta Leongo Itzulian. Eta faboritoen zerrenda horretan sartu beharrekoak dira baita ere Aleksandr Kolobnev (Katuxa), Aleksandr Vinokurov (Astana), Samuel Sanchez, Igor Anton (Euskaltel-Euskadi), Robert Gesink (Rabobank), Andy Schleck (Leopard-Trek) eta Damiano Cunego (Lampre).
Kloeden lider Trentinon
Denboraldiko laugarren garaipena lortu zuen atzo Andreas Kloedenek (RadioShack), Trentinoko Giroko lehen erlojupekoan, eta bera da itzuliko lehen liderra. Euskal Herriko Itzulia irabazi berritan, RadioShackeko taldeburua zen faboritoa atzo Trentinoko Giroko 13,4 kilometroko erlojupekoan, eta alemaniarrak ez zuen hutsik egin (15.24 minutu). Kloedenek segundo bakarra atera zion Adriano Maloriri (Lampre), zortzi Tiago Machadori (RadioShack), eta hamar Vincenzo Nibaliri (Liquigas). Euskaldun bakarra ari da lehiatzen Trentinoko Giroan: Patxi Vila (Flaminia). 34. sailkatu zen beratarra, Kloedenekiko 42 segundora. Bigarren etapa jokatuko da gaur, Dro eta Ledro Bezzecca artean (184 km). Gainean amaituko da etapa, nahiz eta igoera etzana den.
Indar leherketa, baina neurtua
Fleche Wallone klasikoa jokatuko dute gaur, eta, urtero bezala, Huyko azken horman erabakiko da proba
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu