FUTBOLA

Indarberrituta amaierara arte

Malagan jokatuko du Realak, zortzi hilabeteren ostean Diego Ifran deialdian dela (22:00, Cuatro).

Carlos Vela. J. C. RUIZ, ARP
2014ko otsailaren 17a
13:07
Entzun

Ahaztu Espainiako Kopako ajeak, ahaztu Txapeldunen Ligako oroitzapenak, eta aurrerantzean ligan buru-belarri jardun beharra dauka Realak. Hamabost jardunaldi falta dira txapelketaren helmugara ailegatzeko, eta Europako postuetan amaitzea dute helburu txuri-urdinek.

Malagaren kontra jokatuko du gaur Realak, 22:00etan. Seigarren postuan daude txuri-urdinak, eta aukera ona dute Vila-Real eta Ahtleticekiko aldea murriztu eta atzekoekiko aldea handitzeko —berdindu egin zuten atzo Sevillak eta Valentziak—.

Diego Ifran da deialdiko berritasun nagusia. Uruguaikoak hilabeteak eman ditu min hartuta, eta, osatuta, deialdian sartu du Jagoba Arrasatek. Imanol Agirretxeren ordez joango da Malagara Ifran, usurbildarra min hartuta baitago.

Ez da aurreko urteetakoa Bernd Schusterren taldea. Hainbat jokalari garrantzitsu galdu ditu bizpahiru denboralditan, eta giro nahasia da nagusi Malagan. Sailkapen nagusiari erreparatzea aski da egun duten krisiaz jabetzeko. 16. postuan dago taldea, 24 punturekin, jaisteko postuetatik gertu. Partida onak jokatu ditu aurtengo sasoian; besteak beste, denboraldi hasieran 5-0 irabazi zion Rayo Vallecanori etxean. Ordea, ez du jarraipenik izan, eta azken boladan gaizki dabil. Schuster ere bere onetik aterata ibili da sarritan. Zigortuta dagoelako, gaur ez da aulkian eseriko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.