ERRUGBIA

Indarberrituta, sasoi bihurriari ekiteko

Miarritzek iaz baino aitzin-sasoi landuagoa burutu du, eta soilik sei fitxaketa eginda, heldu den ostiralean ekingo dio Top 14 Ligari

MIARRITZE
2005eko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Miarritzek seigarren sasoia osatuko du erabateko profesionaltasunari ekin zionetik. Lapurtarrek Osborne (Zeelanda Berria),Marc eta Thomas Lievremont eta Legg fitxatu zituzten 2000-2001 sasoirako. Harrez geroztik, oso indartu da taldea, eta Roff, Isaac, Bousses, Stcherbina, Tonita eta Manent taldean aritu ondoren, gaur egun Europako talderik indartsuenetakoa da.

2004-2005 sasoia amaituta, taldean ikur izan diren lauzpabost jokalarik utzi zuten taldea; hots, Gonzalezek, Bernat-Sallesek, Puleotok, Milheresek eta Mazasek, besteak beste. Gainera, Lacroixek eta Boussesek taldea aldatu dute. Horien hutsuneak betetzeko, Noirot (Akize), Lison (Grenoble), Carizza (Rosario)Duvallet (Perigueux, Sare (Sydney) eta Bobo (Parma) fitxatu dituzte.Miarritze ez da asko aldatuko, joan zen sasoian egin baitzituen fitxaketa gehienak, eta egun jokalari multzo uztartua du. Aurten hamalau talde ariko dira Frantziako maila Nagusiko Ligan, eta bistan da iazkoa baino gogorragoa suertatuko dela. Baina miarriztarrek hiru sasoitan bi liga irabazi dituzte (2002 eta 2005), eta badute berriro finalera heltzeko ahalmena. Dena den, Heineken Kopako finala jokatzea ukanen dute xede nagusia, azken bi sasoitan finalerdietara heldu baitira.Aurten 92 urte egingo ditu Miarritzek, sortu zenetik. Urte horietan Frantziako Maila Nagusiko lau txapel irabazi ditu. Marcel Martin izango da lehendakaria, eta Patrice Lagisquet eta Jacques Delmas entrenatzaileak. Zortzi milioi euroko aitzinkontua du, eta bost babesle: Cap Gemini, E. Leclerc, Air France, Orange eta Puma. Guztira 39 jokalari ditu kontratupean, eta horietatik zazpik gazte kontratua dute.Toulonen aurka jokatuko du Ligako lehen partida, ostiralean (20:45), Aguileran. Heineken Kopan, berriz, laugarren multzoan ariko da, Saracens (Ing.), Ulster (Irl.) eta Trevisorekin (It.). Urriaren 23an jokatuko du lehen partida, Saracensen.

Agenen aurka neurria eman zuen, baina hutsak eginda

Miarriztarrek Mont-de-Marsan eta Agen aukeratu zituzten aitzin-sasoiko partidak jokatzeko, eta biak irabazi zituen. Nolanahi ere, gehienbat Agenen aurkakoa izan da aintzat hartzekoa. Top 14an ere aurkari ukanen dute, eta indarrak nola dituzten ikusteko hautatu dute Delmas eta Lagisquet entrenatzaileek. Aurtengo sasoia iazkoa baino gogorragoa izango dela esan du Delmasek, eta zehatzago jokatu beharko dutela.

Hain justu, partida horretaz mintzo da Delmas: «Agenen aurka jokatzea interesgarria izan zen, oposizio gogorra egin zigulako. Serio jardun zuen eta baliagarri gertatu zitzaigun zenbait gauza landu ahal izateko. Horrez gain, badakigu Agen nolakoa den, haren aurka jokatzea suertatzen zaigunerako».Baloi ugari galdu, eta zehaztasun falta erakutsi zuten miarriztarrek pasean, lehen oren laurdena igarota. Azkarregi jokatu nahi izan zuten baloia. Gainera, ez zuten jarraipenik izan jokoan, ez bederen Agen erabat menderatzeko. Horregatik, Agenen defentsari ongi etorri zitzaion joko hori. Beraz, badute lapurtarrek zer zuzendu. Halere, oren erdi batez ongi jokatu zuten miarriztarrek.Jokalarien aldaketaz mintzo da Delmas: «Hainbat jokalari aipagarrik utzi dute taldea, eta etorri direnek espero dut laguntzea taldearen hobekuntzak gora egiten jarrai dezan, gogoz jardunda eta behar bezala egokituta. Miarritze txapelduna da eta taxuz erantzun behar diogu lortutakoari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.