Lamprek berak ere ez zion hain ondo prestatuko esprinta Francesco Gavazziri. Noja inguruko itsaski kaxa eder bat erosi, Quick Step gaua igarotzekoa zen hotelera joan, eta Kristof Vandewallerekin lagun giroan afaltzeko moduan geratu zen atzo italiarra. Etapa irabazteko aukera edukita itsutzea normala da, baina Vandewallek hanka-sartze galanta egin zuen Gavazziri esprinta bideratuta. Berez txirrindulari biziagoa da Lamprekoa, eta Vandewallek azken kilometroan hustu zuen barrua, irabaz zezakeela sinetsi eta indarrak eta burua neurtu gabe. Tropelak atseden hartu zuen atzo Nojara bidean, eta ihesaldiak eroso aritzeko baimena izan zuen hasieratik.
Bezperako egurraren ondoren, eta hurrengo bi etapa urdurien atarian, argi zegoen ihesaldiak arrakastarako aukera dezente izango zuela. Eta 10. kilometrorako hamazazpi txirrindulari joan ziren ihesean. Robert Kiserlovski (Astana) eta Joaquim Rodriguez (Katuxa) zeuden tartean, etapa hasi aurretik sailkapenean 17.16 eta 18.41 minutura zeuden bi txirrindulari —bertan zen Juanjo Oroz nafarra ere (Euskaltel-Euskadi)—. Ez zen ihesaldi arriskutsuegia, baina Geoxek kontrol lana egin behar izan zuen aldea 11 minututik gora joan zenean.
Alisas lehen mailako mendatean sakabanatu zen taldetxoa, eta beherakoan jo zuen kolpea Sergio Paulinhok (RadioShack). Ia minutu baten aldearekin ibili zen, baina helmugarako hiru kilometro eskas falta zirela etsi zuen. Vandewallek apurtu zuen taldea azken aldapan, baina Gavazziri esprinta prestatzeko bakarrik balio izan zuen ahalegin horrek. Atzean Euskaltel-Euskadik ere lan egin behar izan zuen, Mikel Nieveren 10. postua defendatzeko. Izan ere, Wouter Poelsek (Vacansoleil) erasoa jo zuen Alisasen gora.
2012an Iruñetik abiatuko dira
Gaur iritsiko da Vuelta Euskal Herrira. Noja eta Bilbo artean 158,5 kilometro dauzka etapak, eta azken 99ak egingo dituzte Bizkaian. Las Muñecasen sartuko dira Euskal Herrian, 15:10 aldera, eta 17:30ean amaituko da etapa, Bilboko Kale Nagusian. Hainbat eragilerekin batera, bi elkarretaratze egingo ditu ESAITek: Las Muñecasen, 14:00etan, eta Bilboko Kale Nagusian, 16:00etan. Aldarrikapen horietan parte hartzeko dei egin diete herritarrei.
Bestalde, atzo baieztatu zuten 2012ko Vuelta Iruñetik abiatuko dela, abuztuaren 18an, aitzin-etapa batekin. Bigarren etapa ere Nafarroan jokatuko da, Iruñea eta Viana artean.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta
Indarra bai, burua falta
Tropelak atseden hartu du Nojara bidean, eta Francesco Gavazzik aise irabazi dio ihesaldiko esprinta Kristof VandewalleriLas Muñecas mendatetik barrena sartuko da gaur Vuelta Euskal Herrian, 17 urte geroago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu