Indartsua da, eta oso argia

Unerik egokienean erasoa jota irabazi du Luis Leon Sanchezek Donostiako Klasikoa, maldan gora indartsuenak zirenak garaitutaFaborito nagusiak gutxi mugitu dira, eta talde handi bat izan da irabazteko lehian

Donostia
2012ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Indartsua da Luis Leon Sanchez (Rabobank), maila handiko txirrindularia. Eta indarrei ahalik eta etekin handiena ateratzen daki, gainera. Argia da, oso argia. Lasterketako une bakoitzean zer egin erabakitzen asmatzen duten horietakoa. Horrela irabazi zuen atzo Donostiako 32. Klasikoa. Ez zen indartsuena izan mendateetan, eta ez zen onenen taldetxoan ere sartu. Atzetik egin zuen bat lasterketa buruarekin, Arkalen behera. Baina argiena izan zen, zalantzarik gabe. Unerik egokienean jo zuen erasoa, eta helmugaraino eutsi zion.

Bigarren garaipena du Donostiako Bulebarrean. Aurrekoa 2010ean lortu zuen, Aleksandre Vinokurov (Astana) gaindituta, esprintean. Kazakhstandarrak azken lasterketa zuen atzokoa, atzera egiten ez badu behintzat. Olinpiar txapeldunari omenaldia egin zioten irteeran. Ez Euskaltel-Euskadiko ziklistek eta ezta Haimar Zubeldiak ere. Vinokurovek jaso zuen txalo zaparradarik sutsuena. Lasterketan, ordea, gutxi azaldu zen, bere taldeak gogotik lan egin bazuen ere.

Ezohikoa izan zen klasikoa. Jaizkibelek ez zuen sakabanaketa handirik eragin, eta Arkaletik ere ziklista asko igaro ziren lasterketa buruan. Gehiegi, klasiko gogor bat izateko. Euren arteko berdintasunak beldurtu balitu bezala, oso gutxi azaldu ziren faborito nagusiak. Eraso xume batzuk Jaizkibelen amaiera aldera, eta berehala geldialdia.

Joaquim Rodriguezek (Katuxa) jo zuen azpimarratzeko moduko eraso bakarra, Arkalen bertan. Egun hauetan Donostiako Aste Nagusian su artifizialak ikusi dituela onartu zuen kataluniarrak irteeran. Gogoz geratu zen, antza, eta berak jaurti nahi izan zituen, Arkaleko maldarik pikoenetan. Alferrik, ordea. Berehala itzali ziren haren suak, eta berriro batu zen taldea beherakoan. 30 txirrindulariko tropelean jokatuko zen garaipena, eta tartean zen Luis Leon Sanchez, iritsi berritan.

Ordurako, noski, bertan behera ziren ihesaldi guztiak. Donostiatik irten eta berehala egin zuten aurrera hiru euskal txirrindularik: Markel Irizar (RadioShack), Juanma Garate (Rabobank) eta Xabier Zandio (Sky). Tropelean lanerako zeuden, ordea, eta 35. kilometroan osatu zen eguneko ihesaldia. Bertan, bi ziklista: Adrian Palomares (Andalucia) eta Javier Aramendia nafarra (Caja Rural). Ia hamabi minutuko tartea izan zuten, baina ez ziren urruti iritsi.

Beteko ez ziren aurreikuspenak sortu zituen Jaizkibelgo lehen igoerak. Movistar egurrean, taldea txikituta, eta ihesaldia bertan behera —lau minuturen aldea zuten igoera hastean—. Eraso ugari izan ziren orduan, eta etengabe aldatu zen lasterketa burua. Baina ikuskizuna amaituta zen ordurako. Bigarren mailako hautagaiak izan ziren mugitu ziren bakarrak: Tomas Marczynski (Vacansoleil), Rafal Majka (Saxo Bank), Sergio Henao (Sky)... Gorka Izagirre ere (Euskaltel) azaldu zen aurrean, eta lasterketa buruan izan zen azken mendateraino, boskote batean.

Rodriguez mugitzen bakarra

Jaizkibel bigarrenez igarota, handiegia zen taldea, baina hura hautsiko zuenik ez zegoela zirudien. Orduan azaldu zen Rodriguez, aldapa pikoetan duen maila erakusteko. Ehun metroko erasoa, atzekoak sufritzen. Eta gero, lasaitasuna. Tropela bitan banatuta bazegoen ere, berehala egin zuten bat berriro, helmugarako hamar kilometro falta zirela.

Hori zen lasterketako une erabakigarria, eta Luis Leon Sanchezek igarri zion, inork baino azkarrago. Atzetik sartu, taldean aurrera egin eta erasoa jo. Hortik aurrera, indarrak neurtu eta pedalei eragitea zen kontua. Buruak berea egina zuen jada, zangoen txanda zen orduan. Eta espainiarrak ez zuen hutsik egin. Indartsua da ordekan, eta atzekoak gainean izan bazituen ere, ez zuen etsi. Azkenerako, garaipen handia ospatzeko denbora ere izan zuen. Talde nagusia zazpi segundora iritsi zen, Simon Gerrans (Greenedge) eta Gianni Meersman (Lotto) buru zirela.

160 txirrindularik hartu zuten parte atzoko Donostiako Klasikoan. Amaitu, baina, oso gutxik amaitu zuten. Ia erdiak erretiratu ziren. Bero handia jasan behar izan zuten txirrindulariek, eta Jaizkibel lehenengoz igotzean zeramaten erritmoa ikusita, talde handi batek Donostiarako bidea hartu zuen zuzenean, lasterketari uko eginda.

Hautagai nagusien gogoa ere beroak uxatuko zuen, beharbada. Baina Sanchezen burua hotzegia da, eta gorputza bere azkenetan zuenean ere,argi ikusi zuen aukera. Ezin hobeto borobildu zuen ahalegina. Burua eta zangoak, elkarlana izan zen atzokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.