Eztanda baten antzeko zaratarekin igo zen iaz Portugalete arraunaren elitera, San Miguel ligara. Aldaketa handien urtea izan zen klubean: hauteskundeak egin zituzten, eta Javier Gonzalez bakarrik aurkeztu zen. Bera presidente. Egitasmo indartsua zeukan prestatuta, diruan oinarritua. Joxean Olaskoaga Aizperro fitxatu zuen entrenatzaile lanetarako, eta tostetan aritzeko hauek eraman zituen, besteak beste: Iurgi Iruretagoiena, Jon Agirrezabala eta Jon Iriondo. Arraunlari horiekin eta lehendik klubean zeudenekin lortu zuen helburu nagusia: San Miguel ligara igotzea.
Aurten ere indartu egin du taldea Javier Gonzalezek: Bersaitz Azkue hartu du Urdaibaitik, Paul Galdiz Kaikutik, eta azken unean, Lur Uribarren patroia erakarri du taldera, hori ere Urdaibaikoa izana. Iazkoa baino talde sendoagoa dauka, horretan ez da dudarik. Baliabide ekonomikoa edukita, normala da liga bat gorago aritzeko taldea indartzea.
Baina irin denak ez dira zuriak izaten. Kuadrillarik onena tostetan jartzeko aukera herrialdeko txapelketan eta Kontxako Banderara sailkatzeko estropadan bakarrik izango du Aizperrok. Ligan, ordea, ez. Arraunlari berezkoen, berezko ez direnen eta harrobikoen kopuruari eragiten dion araudia bete beharra dago, eta ez da Portugaleteren mesederako. Hamar ditu berezkoak, eta horietako bat Xabier Rodriguez patroia da; Uribarren taldera ekarrita, bistan da etxekoak ez duela aukera handirik izango. Gainera, lesioekin gaizki dabil, eta nahikoa lan badu ontziaren gidaritza hartzeko ere. Horrek esan nahi du bederatzi berezko dituela; horietako zazpik beti joan beharko dute tostetan. Iaz, ondo ibili ziren etxekoak, eta Aizperrok behin eta berriz esan zuen etxekoen lan ona funtsezkoa izan zela San Miguel ligara igotzeko. Baina KAE1 eta onenen liga ez dira gauza bera. Aurten ere etxekoen indarra beharko du aurreneko helburua lortzeko.
Diruarekin dabilen baten kasuan bitxia bada ere, Portugaleteren lehen nahia ez da banderen lehian ibiltzea. Gaia badu horretarako, baina araudiak asko estutuko duen ustea oso barneratuta daukate klubean. Horregatik diote bigarren txanda daukatela begiz jota.
Gero, urak esango du bakoitzaren lekua zein den. Sartu, behintzat, indarraren aparrean sartu da, eta ez da sarrera txarra.
Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Portugalete
Indartsuaren aparrean
Portugaletek lehen aldiz arraun egingo du San Miguel ligan, urte gutxian azpi-azpitik eliterako bidea egin eta geroArraunlari multzo ona dauka tostetan, eta bigarren txandan aritzea dauka helburutzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu