Hirugarrena nahi du. Txapeldunen Ligako lehen ligaxkako hirugarren garaipena jarraian. Itxakok Errumaniako Oltchim izanen du gaur aurrean, Lizarran. Ez da batere partida erraza izanen. Txapeldunen Liga da errumaniarren helburu nagusia, eta horretarako sendotu dute taldea sasoi honetan. Jokalari berrien artean da Oana Soit, Itxakoko alboko ohia. Soit, hain zuzen ere, funtsezko jokalaria izan da Oltchimek lortu dituen garaipenetan. Itxakok bezala, orain arte jokatutako bi partidak irabazi ditu. Errumaniarrak ere hirugarren garaipenaren bila aterako dira Lizarrako pistara. Multzoko talderik indartsuena nor den argituko du, beraz, gaurko norgehiagokak.
Orain arte sendo agertu da Itxako pistan. Eta bide beretik aurrera egiteko asmoa du nafarren entrenatzaile Ambros Martinek. «Partida irabazi behar dugu, nola edo hala», erran du Oltchimen aurkako norgehiagokari buruz. Badakielako errumaniarren kontrako garaipen batek indar handia emanen liokeela taldeari, eta anitz erraztuko liokeelako hurrengo faserako sailkatzeko lana.
Oltchim mendean hartzea, hala ere, ez da batere lan erraza izanen. Ederki daki Martinek hori. «Txapeldunen Ligako talderik osoena da Oltchim; errumaniarrek dute hasierako zazpiko onenetakoa, zalantzarik gabe». Hasierako zazpiko horri aurre egiteko Deonise Fachinello gabe ariko dira etxekoak. Selekzioarekin ari da brasildarra. Litekeena da, halaber, Fernandezek jokatzerik ez izatea. Joan den larunbatean itzuli zen pistara Buxtehuderren aurkako partidan, denboraldi-aurretik min hartuta egon eta gero. Lesioa ez zaio behar bezala osatu, ordea, eta ez dago argi jokatzeko prest izanen den edo ez. Ez du zorterik izan denboraldiaren hasieran pibotak.
Fernandezekin edo gabe, Itxakok badu Oltchimi aurre egiteko taldea. Zaleak alde izanen dituzte nafarrek, gainera, etxean ariko baitira, berriz ere. Sukar Horia peñak bazkaria prestatu du gaurko, partida hasi aurreko giroa berotzen joateko. Itxakoren hirugarren garaipenaren lekuko izan nahi dute denek. Gailurrerantz urratsak egiten jarraitu ahal izateko.
ITXAKO-OLTCHIM
Itxako. Navarro, Milenkovic, Barno, Egozkue, Agirre, Martin, , Barbosa, Aguilar, Pinedo, Tervel, Zebic, Alonso, Pena etaTeres.
Oltchim. Knezovic, Ungureanu, Manea, Ozel, Vizitiu, Jovanovic, Managarova, Stanca, Ardean Elisei, Bradeanu, Curea, Soit, Farcau, Fiera, Nechita, Tolnai eta Vetkova.
Epaileak. Pandzic eta Mosorinski.
Lekua. Lizarreria kiroldegia.
Ordua. 19:00 (Canal 6).
Indartsuena nor den argitzeko
Itxakok Oltchim izanen du gaur aurkari; bi taldeok orain arte jokatu dituzten bi partidak irabazi dituzte Txapeldunen LiganFernandezek min hartu du berriz, eta ez da ariko; Fachinello ere ez, selekzioarekin baita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu