Arantza kendu du Mikel Landak (Bahrain). Bazuen halako zor bat ziklismoarekin, jotzerako jota gelditu baitzen atzo. Bada, kitatu egin du gaur, Glieresen gora sua piztu, eta faboritoen borroka bizituta. Tourreko azken etapa menditsua zen, eta ibilbide aproposa zuen segadetarako, bost mendate kateaturekin. Haatik, arabarra izan da lasterketa apurtzen saiatu den faborito bakarra. Pello Bilbao eta Damiano Caruso bidali ditu aurrera, eta urrutitik mugitu da azken mendatean. Harrapatu egin dute onenek, baina atzean utzi ditu Adam Yates (Mitchelton) eta Rigoberto Uran (Education First); eta hartara, bi koska egin ditu gora sailkapenean. Bosgarren dago orain, Primoz Roglicengandik (Jumbo Visma) 3.28ra. Esloveniarrak tinko eutsi dio lidertzari.
Etaparen lehian, berriz, erakustaldia egin du Ineosek. Izan ere, ihesean jaun eta jabe izan dira Michal Kwiatkowski eta Richard Carapaz, eta besarkatuta helmugaratu dira. Poloniarrarentzat izan da garaipena, eta ekuadortarrak mendiko elastikoa soineratu du. Talde britainiarrak porrot egin du aurtengo Tourrean, eta gaurko etapak ez du hori aldatzen. Egitura, ahalmen eta ibilbide aldetik, maillot horiaren borrokan egon behar zuen Skyren oinordekoak, baina kale egin du. Behintzat, nahigabea apur bat arinduko dio gaurko erakustaldiak.
Etapa hasieran, 32 ziklistak egin dute aurrera. Tropel bat zen, ihesaldia baino gehiago. Mendateek galbahe lana egin dute, eta Glieresera hiru txirrindulari baino ez dira iritsi: Ineoseko biak, eta Bilbao. Bizkaitarrak ezin izan dio jarraitu Kwiatkowskik jarritako erritmoari, eta atzean gelditzen ari zen une berean, erasoa jo du Landak onenen multzoan. Lasterketa piztu egin du murgiarrak, ordura arte oso borroka gutxi egon baita oilarren artean. Haren ahaleginak bistaratu egin du Yates eta Uranen ezina.
Landak bat egin du Carusorekin, baina indartsuenek harrapatu egin dute azkenean. Enric Mas (Movistar) oldartu egin da igoerako azken kilometroan, eta geroago Tadej Pogacar (UAE) saiatu da, baina ez dute tarterik zabaldu. Gaina hartu ostean, 2,8 kilometroko lurrezko bidea zegoen, eta bertan matxura izan du Richie Portek (Trek). Horrek akuilatu egin ditu Landa, Mas eta Miguel Angel Lopez (Astana). 30 kilometro gelditzen ziren helmugarako. Alabaina, australiarrak Tom Dumoulinen (Jumbo) laguntza izan du jazarpenean, eta berriz aurrean sartzea lortu du. Azken kilometroetan ez da zalapartarik izan.
Landarekin batera, Masek atera dio etekinik handiena gaurko etapari: seigarren jarri da, 4.19ra. Lehen postuetan, aldiz, ez da aldaketarik izan. Roglicek aise gainditu du azken-aurreko azterketa, eta errenta onarekin iritsiko da larunbateko erlojupekora: 57 segundora du Pogacar, eta 1.27ra Lopez. Horren aurretik, arnasa apur bat hartuko dute gaur faboritoek, Champagnolen bukatzen den 166 kilometroko etapan. Gorabeheratsua da, baina laugarren mailako mendate bat baino ez du. Esprintean ez bada, ihesean erabakiko da.