Donostia
Dagoeneko arazo gutxi ez, eta gaur ere dena kontra izango du Realak Atletico Madrilen aurka. Estatistika, lehenik eta behin: azken hiru denboraldietan galdu egin du Vicente Calderonen, eta han jokatutako 57 partidetatik, sei baino ez ditu irabazi. Giroa ere betikoa izango da, makurra, gaiztoa, oroitzapen beltzak dakartzaten eta zigor edo ondoriorik izango ez duten oihuekin. Bestalde, hobe taldea epaileen laguntzaren zain ez baldin badago, iragan denboraldiko partidan erabakigarria izan zelako, Realaren kaltean noski, eta sasoi honetan ere ez direlako zeresan gutxi ematen ari. Paradoxa ere bada: infernutik atera nahi, eta infernuan jokatu beharko dute txuri-urdinek.
Horri guztiari garrantzitsuena gehitu behar zaio, taldea dinamika txarrean gero eta gehiago ari dela hondoratzen, eta aurkaria, aitzitik, denboraldi hasierako aurreikuspen onak betetzen hasi dela. Lesioak ere ezin dira ahaztu: Skoubo eta Stevanovicenak alde batera utzita, Kovacevicek eta Xabi Prietok ere ezingo dute jokatu. Serbiarra jo eta su aritu da garaiz osatu nahian, baina astebete gehiago itxaron beharko du. Erdilariak, berriz, orkatila bihurritu zuen Betisen aurka, eta ez da sendatu. Lesio bat ahaztu bezain laster, beste bat datorkio Prietori. Harentzat ere, infernua izaten ari da sasoi hau.
Giroa ere unetik unera ari da berotzen. Presioa gero eta handiagoa da, urduritasuna ere bai, eta gauzak gaizki doazen bakoitzean -orduan soilik- tiradera hondotik berritzen diren eztabaidak mahai gainean dira berriz: talde ereduarena, fitxaketena... Realari gutxien komeni zaiona, alegia. Komunikabideen kritika maila ere nabarmen ari da handitzen, izen eta abizenekin, kasu batzuetan, eta aldagelatik atera beharko ez luketen kontuak ere hasi dira ateratzen. Atzo, esaterako, Alavesen aurkako partida bukatzean jokalarien artean izan omen ziren ika-mikak «deskubritu» zituen komunikabide batek.
Taldeak entzungor egin beharko dio giro horri, eta Vicente Calderonen topatuko duenari. Mikel Gonzalezek argi utzi zuen herenegun jokalariak batuta eta egoerari buelta emateko kontzientziaturik daudela. Hori da inportanteena. Azken partidetan haiengan antzeman den etsipenak eta konformismoak erasaten jarraitzen baldin badie, akabo. Orain borrokarako gogo hori zelaian erakustea izango da gakoa, Realak ezkutatzen ez diren jokalariak behar dituelako, dena ematen dutenak, patuaren aurka matxinatzen direnak. Hori da eskatu behar zaiena, behar baino lehen ez makurtzea.
NOVO ARIKO DA XABI PRIETOREN ORDEZ. Hamaikakoaren inguruko arrasto handirik ez du eman Lotinak. Bakarra, Novo hasieratik jokatuko duela, eskuin hegaletik ziurrenik. Ikusmiran dauden jokalarietako bat da: ez du espero zuen maila eman, eta zelaitik desagertzeko joera dauka askotan. Erreferentzia balekoa izan daitekeela erakusteko enegarren aukera izango du gaur. Bestalde, ikusi beharko da entrenatzaileak eskema aldatzen duen. Alavesen aurka euskarri hirukoitza erabili zuen, presioa aurrerago egin nahian, taldea gehiegi atzeratzen delako sarritan, baina ez zion emaitza onik eman. Garitano, Uranga eta Diaz Zerioren parte-hartzea ziurra dela dirudi, eta Jesuli, Aranburu eta Rivas dira zelai erdiko beste bi postuak betetzeko hautagaiak.
Defentsako sendotasuna eta erasoan solteago aritzeko modua egingo duen irtenbide bat aurkitzea izango da gakoa. Hau da, oreka. Kemenari bai, baina joko onari ere heldu behar zaiola iritzi dio entrenatzaileak. «Azken partidan akats gutxi egin genituen atzealdean, baina baloiarekin ez ginen ondo aritu, eta gure aurrelariak bakarrik egon ziren ia beti. Ideiak garbi dituen taldea ikusi ahal izango da bihar [gaur]. Egun ona da geure burua aldarrikatzeko, hemen gaudela esateko». Infernura doa Reala, berpizteko asmoz. Beste aukerarik ez du.