espainiako kopako finala

Informazioa bilduko du Indarkeriaren Aurkako Batzordeak, zigorrak jarri edo ez erabakitzeko

Bideoa: finaleko txistuak (Lara Madinabeitia, BerriaTB). [Youtube]https://youtu.be/iBYr0DRdiF8[/Youtube]

2015eko ekainaren 1a
08:22
Entzun

Espainiako Gobernuaren ekinbidez, gaur bilera egin dute kirol arloko Indarkeriaren, Arrazakeriaren, Xenofobiaren eta Intolerantziaren Kontrako Batzordeak. Larunbatean, Koparen finalaren hasieran, Espainiako ereserkiari txistu egin zioten Bartzelona eta Athleticeko zaleek, eta horren gainean eztabaidatu dute. Erabaki zehatzik ez dute hartu, ordea. Informazioa biltzen ari direla azpimarratu dute, hartu behar diren neurriak hartzeko. Ez dute baztertu zigorren bat jartzea. Txistukada "sustatu" zuten plataformak aipatu dituzte zigorra jaso dezaketen artean. Bartzelona, Athletic eta Espainiako Federazioa ere ez daude zigorra jasotzetik salbu, baina horien kasuan txistukada saihesteko nahikoa neurri ez hartzeagatik. 

Eusko Jaurlaritzak esana du ez duela begi onez ikusten klubak zigortzea; "gehiegizkoa" iritzi dio, eta halakoekin mehatxatzea deitoratu du. Jaurlaritzaren arabera, klubek ez baizik eta zaleek erabaki zuten txistu egitea, "dela protesta egiteko dela ohiturazkoa delako". Halaber, isunak jartzea "akatsa" dela uste du, eta halako protestak eta haien zergatiak modu pausatuagoan aztertu behar direla.

Bestalde, Jaurlaritzak salatu du zenbait erakunde publikoren aldetik hainbat "probokazio" jazo zirela Kopako finala zeintzuen artean eta non jokatuko zen jakin zenean; "ongi egingo lukete jarrera horiek aztertuko balituzte", egin die oharra Espainiako Gobernuari eta Ligari.

Txistua, ozena

Athleticeko eta Bartzelonako zaleek ozen egin zioten txistu Espainiako ereserkiari partida hasi aurretik. 2009ko eta 2012ko finaletan gertatu bezala, ereserkia ezin izan zen entzun estadioan. Minutu luzez gogor txistu egin zuten, eta ikurrinak eta esteladak eraman zituzten zaleek altxatu egin zituzten. Ikusi egin beharko da indarkeriaren aurkako batzordeak taldeei isunik jarriko dien.

Gauza jakina zen ereserkiak jartzean txistua joko zela. Are gehiago, ikusle asko txilibituak hartuta joan ziren zelaira, eta bezperetan gaia puri-purian egon zen zaleak bildu ziren guneetan. Eszena, gainera, oso bitxia izan zen, ereserkia kolpetik hasi baitzen, bi taldeetako zaleak mosaiko erraldoiak erakusten ari zirenean. Ekitaldiaren aurkezleak ez zuen iragarri ereserkia hasiko zenik. Hori bai, ikusleek segundo gutxi batzuk behar izan zituzten erreakzionatzeko.

Bartzelona eta Athleticen arteko partida batean entzuten den hirugarren txistukada handia da, eta baliteke eragina izatea. Iragan astean Espainiako kirol agintariek ohartarazi zuten txistuak entzunez gero taldeak zigortuko zituztela. Hala izan zen, eta orain ikusi egin beharko da zer-nolako dizplina neurria izango duen. Ziur asko, isun ekonomikoren bat; gehiago harritzekoa litzateke.

Hori, dena den, ez zen izan zaleek eginiko kutsu politikodun keinu bakarra. Hamazazpigarren minutuan Bartzelonako zaleek independentziaren aldeko oihua egin zuten, partida guztietan bezala, eta Athleticeko zale askok bat egin zuten.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.