Ingalaterra selekzioen txapelketen tronutik gertu da berriz ere. Aspaldiko partez. Azkenekoz, 1966an izan zelako, oraingoz bakarra duen final handi batean. Munduko Txapelketan izan zen hori, etxean, Wembleyn, eta txapeldun izan zen, Mendebaldeko Alemaniari irabaziz gol eztabaidagarri batekin. 55 urte geroago beste final batean da, oraingoa Eurokopan, baina orduan bezala, Londresko zelai mitikoan, eta epailearen lana tarteko. Aurreneko aldiz jokatuko du igandean Eurokopako finala, Italiaren aurka, eta etxean berriz ere. Danimarka bota du kalera, luzapenean, eta kontrako emaitza irauliz (0-1 hasi da galtzen, eta 1-1 bukatu dituzte 90 minutuak).
Partida guztietan jokatzen da futbolean, eta jokoa bat eta bera da, jokatzeko moduak aldatzen direla alde batera lagata. Baina txapelketa handienetako bateko finalerdia jokatzeak ezin du izan edozein ligetako hamazazpigarren jardunaldia jokatzearen parekoa. Kezka, ardura, urduritasuna, galtzeko beldurra eta antzeko keria guztiek indarra hartzen dute jokalarien buruetan. Eta baliteke selekzioekin jokatzean, aldarte horiek guztien kontrako haizea bizitzea.
Adibide ona izan da bigarren finalerdia- Ingalaterrak eta Danimarkak badituzte indargune zehatzak, eta horiei esker iritsi dira finalerdietara txapelketan. Ba eman izan du ez direla ausartu-edo hori egitera, aurkariaren beldur. Bi adibide garbi, lehen zatikoak biak: Ingalaterra zitala da aurkariaren akatsa behartzen presioa goi samarrean eginez, gero bizi harrapatzeko bestearen atea. Lerroak atzeratuta ibili da, ordea, Danimarkari baloi jabetza emanez; batez ere, 20.minututik aurrera. Orduan ikusi da adibide honen bigarren zatia: Danimarkak maisutasuna erakutsi du zelai-erditik aurrera baloia dotore erabiltzeko. Baina gutxi baliatu aukera on hori. Azkenean, adibide hauek aditzera ematen dute galtzeko beldurrez jokatu dutela.
Ingalaterrak ekin dio baloiaren jabe izaten. Eraso ia guztiak ezkerretik landu ditu, han zuelako Sterling bizia eta abila. Baina sakontasunak ez dio lagundu zelaia eta jokoa zabaltzeko aukerari. Baina deseroso zegoen Danimarka: ez zeukan baloirik, hain preziatua duen hori. 20. minutua iritsi den arte. Aurreneko aldiz osatu du jabetza oso luzea, euskarrien eta atzelarien artean izan bada ere. Pixkanaka, beldurren nagiak kentzeko balio izan dio, hala ere, eta defentsako lanean presioa goian egiten hasi da. Orduan Ingalaterra zen baloia aurrera eraman ezin zuena, hasieran ez bezala.
Gol aukeren berririk ez zen Wembleyn. Bi ateak kenduta ere, igualtsu izango zen. Harik eta 30.minutuan, Damsgaardek falta batean, area kanpotik, zartako doitua Pickforden sarera bota duen arte. 0-1, eta ezustean eman dio kolpea Ingalaterrari, bikingoek laino arte trinkoetatik bere garaian egiten zuten bezala. Golak aldatu egin du jokoa: etxekoak baloiaren jabe egin dira berriz ere, eta eskuinetik bi eraso kateatu dituzte. Lehendabizikoan, Sterlingek egin du errematea ateko zuloan, baina Kasper Schmeicheli jo dio gerri parean. 38. minutua zen. Bat geroago etorri da berdinketa. Kane aurrelaria euskarrien aurrera jaitsi da areatik, eta bakarrik utzi dute. Burua altxatu, eta Sakaren lasterkaldia ikusi du danimarkarren azkeneko lerroaren bizkarrera. Pase doitua eman dio, erdiratu egin du hark, eta Sterlingen errematea galarazi nahian, Kjaerrek bere atean sartu du, area txikitik.
Ez da asko aldatu partida bigarren zatiaren lehen erdian. Ñabardurak ñabardura aurreko bide berean ibili dira bi taldeak. Aukeretan ere antzeko: biek bana. Hjolbergen urruneko jaurtiketa Pickfordek geratu du 52.minutuan, eta hiru geroago, Maguireren burukada geldikako jokaldi batean, Schmeichelek urrundu du hatz puntekin.
Partidaren garrantziak zama izaten segitzen zuen bi taldeetako jokalarientzat. Bizitasunaren konplize bakarra nekea izan zitekeen: minutuak aurrera joan ahala, akaso... Eta gertatu da, horregatik edo beste zerbaitegatik izan bada ere —aldaketekin freskotasuna ere heldu zaio Danimarkari—. Kontua da azkartu egin dela erritmoa, eta zuloak azaltzen hasi direla soropilean. Ematen zuen joera hori Ingalaterraren aldekoa izan zitekeela. Azkenean, ez ditu alferrik jokalari hobeak aurrealdean, eta zuloak azalduz gero, haien fabore haizea.
Etxekoak zain zeuden Danimarka nola harrapatuko aurrera egiten zuenean. Kanpotarrak zirenak, aldiz, baloiarekin beldurrik gabe ari ziren erasoan, aurreko partidetan bezala ez, baina antzera. Horrela iritsi dira azkeneko hamar minutuetara bi taldeak, eta hor etxekoek gehiago eta gorago estutzeari ekin diote, hain berea dutena eginez.
Baloia nahi zuten, eta lortu dute jabe egitea. Epaileak 97.minutuan bukatu du partida, eta azkeneko zati horretan baloiak jabe bakarra izan du: Ingalaterra. Partida osoan bezala, hegalak ondo aurkitu ditu, izkinetan jokalariak jarriz. Baina aterako bidea lanbro bilakatu zaio Danimarkak. Aukera bakarra egin du, eta geldikako jokaldi batean izan da, Maguireren burukada batekin. Schmeichelek ondo bota du bere gorputza.
Berdinketak luzapenari egin dio lekua, eta Ingalaterrak beste martxa baten beharra zuela ikusi du Gareth Southgatek entrenatzaileak. Hala ere, aukera zelalan lehendik zegoen Kanek sortu du luzapeneko laugarren minutuan, baina Schmeichelek ederki urrundu dio. Baloia giltzapean gordeta izaten segitzen zuen Ingalaterrak, eta Danimarkak nahikoa lan bazuen zulo guztiak estaltzen, baloiari aurkariek abiadura ematen ziotenean. Etxekoek etxea erasotzen ari ziren kanpotarrak uxatzeko ordua zela erabaki du. Bere zelaian erabat sartu du Danimarka, baloia hartzea lortzen zuen apurretan presioa egiten ziolako. Hori egiten ere badaki, eta ondo egin du. Danimarka aldiz, ez da eroso egoten talde osoa baloiaren atzetik duenean, eta are okerrago bizi ohi da baloirik gabe.
Iritsi behar zuen jokaldiren bat berdinketa haustekoa, eta penalti bat izan da hori. Edo penalti itxurako zerbait. Sterlingi Maehlek emandako ukitua penalti dela erabaki du Makkelie epaileak,102.minutuan, baita VAR-ak ere, eta Kanek bota du. Parean zeukanak, baina, urrundu egin dio. Alferrik Schmeichelen ahalegina, baloia han gertu utzi duelako, eta Kanek ez du berriz kale egin. Aurretik zen Ingalaterra, Eurokopa honetan atzo kenduta beti egon izan den bezala. Luzapeneko bigarren zatian lokartu egin du partida etxeko taldeak: lerroak atzeratuz, eta baloiaren jabe egindakoan ez arriskatuz eta gordez. Hala ere, sustoren bat eman dio Danimarkak, Brathwhiteren jaurtiketa Pickfordek bidali duelako kornerrera 114.minutuan. Hortik aurrera, Kjaer erdiko atzelaria aurrelari ibili da, eta baloia hegaletara eramanez, erdiraketak ateratzeari ekin dio Danimarkak. Etekina, batere ez. Gainera, aldaratzea etxekoek hartzen zutenean, bere zelaira lasterka egin behar danimarkarrek. Jokalari batzuk goian utzi behar gainera, lapurtuz gero haiekin jokatzeko. Ondorioa: defendatzeko jende gutxiago, eta hori etxekoen mesede, baloiarekin ohera sartu eta lo egiteko. Amets gozoan dira orain, igandeko finalaren esperoan.