Ingalaterra hau ez da Ingalaterra hura

Zertara ari den arrastorik gabe jokatu du Capelloren taldeak, lotuta erabat, eta Aljeria mendean hartu ezinda

enekoitz telleria sarriegi
2010eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Joko zuzena deitzen diote hangoari eta eredugarria da beste askorentzat. Artifizio eta trikimailurik gabea delako. Espekulatzailerik gabea. Gogorra eta bizia. Hegaletatik eta erditik. Aurrera begira beti. Ongi jarrita atzean, ongi jarrita erdian, zintzo aurrean. Hori izan da urte askoan Ingalaterrako futbolaren ezaugarria.

Baina Ingalaterra hau, Hegoafrikan ari den hau, ez da Ingalaterra hura. Honek ez daki zertara ari den jokatzen. Ez dago argi kontrarioaren zain dagoen edo ekimena hartu nahi duen. Besteen hutsetatik bizi nahi duen edo nortasun propioa izan nahi duen. Atzoko Ingalaterrak ez dauka iparrik eta ez dauka arimarik. Lemazainak, aulkian dutenak, atzo 64 urte bete zituenak, Capellok, italiartu egin ditu. Lotu egin ditu. Errentetatik eta emaitzei begira bizitzera kondenatu nahi ditu. Eta jokalariak galdu egin dira. Galdu eta ernegatu Rooney, galdu eta ezkutatu Lampard eta Gerrard. Taldeak izaera galtzea baita bat, eta jokalariek ere izaera galtzea bestea. Atzo taldeak ez zuen jokatu, baina izarrek ere ez.

Egia da Aljeriari zegokiola presakago eta larriago hastea lehen jardunaldiko bere emaitza aintzat hartuta. Baina ez zen espero Ingalaterra horren geldo eta hotz hastea, eta horren geldo eta hotz jarraitzea. Ez erritmorik eta ez abiadurarik. Oldarkortasunik ez batere. Lotuta. Presionatuta eta gainean zama astun samarra balu bezala. Asko kosta zitzaien ingelesei partidan sartzea, eta minutu apur batzutan baino ez zuten benetako jokorik egitea lortu. Ordu-erditik gora jokatuta egongo zen Rooneyk jokoan sartu eta erasoari bizitasun apur bat ematea lortu zuenean. Haren alboan ari ziren ordurako nahi eta ezinean Lampard eta Gerrard. Ezkutatuta ordurako biak. Hamar minutuko jarduna baino ez zen izan Rooneyrena. Horixe. Besterik ez. Bigarren zati negargarria egin zuen hark ere.

Lehen zati ia osoan eta bigarrenaren puska handi batean erosoago aritu zen Aljeria Ingalaterra baino. Joko gehiago sortu zuen, abiadura gehiago eman zion partidari eta arrisku gehiago erasoari. Egia da ez dela oso ongi ulertzen nolatan ez zuen egin erabat aurrera, eta nolatan ez zen hasi kale edo bale, berdinketa horrekin multzoko azken postuan gelditzen baita puntu bakarrarekin, baina azken jardunaldiaren aldeko apustua egitea erabaki zuen Aljeriak.

Atzoko partida jokatu aurretik emandako prentsaurrekoan, Fabio Capellori bezperan Franz Beckenbauerrek egindako adierazpenen inguruan galdetu zioten. «Ingalaterra garai zaharretara bueltatu da: ostikada eta aurrera», esan zuen Kaiser alemaniarrak Ingalaterrak lehen jardunaldian egindako jokoaren inguruan. «Guk ez dugu ostikada eta aurrera jokatzen, pase askorekin eta baloiaren jabe eginda, baizik. Ez dut ulertzen Beckenbauerrek dioena», erantzun zuen Capellok.

Pase eta jabetza festa horren eredu da nonbait hasieratik Heskeyrekin jokatzea edo azken minutuetan Crouch ateratzea. Ingalaterra barregarri geratzetik hurbil izan zen atzo eta gupidarik gabe hartuko du hankapean Ingalaterrako prentsak. Orain ez dago Green atezainaren aitzakiarik -atzo aulkian utzi zuen entrenatzaileak-, ez dago errudun errugaberik. Orain errudunak aulkian bertan daude lehenengo, horren planteamenduxuhurra egin zuelako. Eta errudunak zelaian daude ondoren, ardura hartu beharrekoek ez zutelako hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.