EUROKOPA

Ingalaterrak 2-1 irabazi dio Galesi

Sturridgek sartu du garaipenaren gola, 92. minutuan.

Sturridge, gola taldekideekin ospatzen. ANDY RAIN / EFE
2016ko ekainaren 16a
19:54
Entzun

Partida berezia zuten Erresuma Batuan, aurrez aurre baitziren Ingalaterra eta Gales, Eurokopako B taldeko bigarren jardunaldian. Gogotik sufritu du Ingalaterrak hiru puntuak eskuratzeko. Lehen zatian, parekatua izan da jokoa, baina, Gareth Balek urrunetik jaurtitako falta baten bidez, aurretik jarri da markagailuan Gales. Gehiago ere egin zezakeen Hart atezainak falta jaurtiketan.

Abantaila horrekin joan dira atsedenaldira. Bigarren zatian, ordea, urrats bat aurrera egin du Ingalaterrak berdinketaren bila, eta Vardyk lortu du, 56. minutuan, aldaratze baten ondorioz ia atepean zegoen baloia sareratuz. Lau aurrelarirekin jokatzen ari zen arren, ez zuen aukera argirik sortzen Roy Hodgsonen taldeak, buruarekin baino gehiago bihotzarekin erasora joz. Azkenean, 92. minutuan lortu du garaipenaren gola Sturridgek.

Atzo Eslovakiak Errusiari irabazita, B taldean Ingalaterra da nagusi, lau punturekin, eta hiruna punturekin berdinduta daude Gales eta Eslovakia. Bakarrarekin, azkena da Errusia.

C multzoan, berriz, Ipar Irlandak ezustekoa eman zuen, Ukrainari 0-2 irabazita. Ipar Irlandak lehen garaipena du Eurokopa batean. Gareth McAuleyk eta Niall McGinnek sartu dituzte golak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.