Eneritz Zabaleta
Ingalaterra eta Frantziaren arteko finalerdia berrikuntzarik gabe dator. Eta hori da, dudarik gabe, bi taldeen txapelketari so eginez gero, berrikuntzarik handiena. Aspaldiko partez, Bernard Laporte eta Brian Ashton frantziarren eta ingelesen hautatzaileek berrikuntzarik ez sartzea erabaki dute. Bi taldeek, beraz, iragan astean hasieratik jokatu zuten jokalariekin jokatuko dute gaurko finalerdia. Jokalari berririk ez da izanen ordezko lerroetan ere. Ingelesek eta frantziarrek joan zen asteko 22 jokalariekin jokatuko dute gaur.
Berrikuntzarik ez egitea berrikuntza handia da, berez, bi taldeontzat. Izan ere, orain arte, biek arrazoi ezberdinengatik bada ere, partida bakoitza baino lehen hamaika aldaketa egiten zituzten hamabostekoetan eta ordezkoen lerroetan. Txapelketa aitzina joan ahala, eta Kopa gero eta hurbilago daukatelarik guztiek, aldaketen politika aldatu, eta irabazten duen formula errepikatzea erabaki dute Laportek eta Ashtonek. Hautu horren arrazoiak, halere, arrunt ezberdinak dira bi taldeetan.
Frantziak, Munduko Koparen bezperetan, etengabe adierazi zuen Munduko Kopa 30 jokalarirekin irabaziko zuela. Laportek orain arte esaldia zintzo aplikatu du zelaian, multzoko faseetan jokalari anitz aldatu zituelako partida guztietan. Gisa berean, jokalari guztiek jokatu dute partidaren bat aurtengoan Frantzian. Politika horren arrazoiak bi izan ziren. Lehenik, Frantziako prestatzaileak bazekien banaka-banaka hartuta, frantziarrak ez zirela munduko jokalaririk onenak. Baina talde oso homogeneoa dauka Frantziak, eta talde jokoa gora pusatzeko, jokalarien artean lehia bultzatu zuen Laportek, denei jokatzeko eta dakitena erakusteko aukera emanez.
Horrela jokatuz talde giro ederra sortu du Laportek, jokatzen ez dutenek egoera onartzen baitute, beren balioa erakusteko aukera izan dutelako. Hautu horri esker, txapelketa hasieran ustez gutxi jokatu behar zutenak titular bihurtu dira. Horrela gertatu da Dusautoir, Beauxis eta Martyrekin. Alderantziz, hasieran lehen aukerak ziren Mignoni, Skrela, Nallet eta Rougerie eta taldetik at daude orain.
Politika horrek beste onura bat ere ekarri dio Frantziari. Jokalari guztiek errekuperatzeko denbora gehiago izan dute, eta fresko iritsi dira final-laurdenetara. Zeelanda Berriaren kontra mesede egin zien freskotasunak, azken minutura arte defentsan zulorik ez zutelako utzi, eta lerroa berriz kokatzeko energia atzeman zutelako.
Ingelesek ere aldaketa anitz egin dituzte txapelketan zehar hamabostekoan. Baina beraien kasuan halabeharrak aginduta izan da. Ashtonek, sailkapen multzoko lehen partidatik azkenera arte, min hartutako jokalariak kudeatu behar izan ditu, eta taldea hori kontuan hartuta eraiki du. Wilkinson eta Robinsonen kasuak dira erranguratsuenak. Baina ingelesen zortea final-laurdenetan jokalari garrantzitsuak osatuta ukaitea izan da. Australiaren kontra zerikusi handia izan du horrek.
Garaileei konfiantza berritua
Orain artekoa ikusi eta gero, erran daiteke harrituta hartu dutela aditu anitzek Ashtonen eta, batez ere, Laporten hautua. Partida orotan aldaketak egin eta gero, final-laurdenetako blokeari jarraipena eman diete biek. Frantziaren kasuan, Laportek politika aldaketa esplikatu behar izan zien harrituta zeuden kazetariei. Izan ere, orain arte, aldaketak justifikatzeko, haren hamabostekoa kontrarioaren indar eta ahulezien arabera eraikitzen zuela zioen. Alta, Ingalaterrak eta Zeelanda Berriak arrunt indar eta ahulezia ezberdinak dituzte. Laportek honakoa adierazi zuen: «Ezin dugu erran jokalari batek partida huts egin zuenik Zeelanda Berriaren kontra. Ez zegoen aldaketarik egiteko arrazoirik».
Beauxisen kasuak piztu zuen eztabaida gehien. Irekitzaile gaztea, partida txarra egin ez bazuen ere, ez zen bikain aritu. Kontuan hartuta orain arteko titularra, Skrela, lesio batetik osatu zela, anitzek ez zuen ulertu Beauxisen aldeko apustua: «Beauxisek ez zuen partida bikaina egin. Baina txarra ere ez. Oso argi jokatu zuen», erantzun zien Laportek.
Ingelesen aldetik, naturaltasunez hartu da Ashtonek iragan asteko hamabost jokalariak berriz deitzeko aukera. Txapelketako partidarik onena egin zuten ingelesek Australiaren kontra, eta guztiak jokatzeko moduan daude gaurko.
Halere, orain ikusi beharko da talde berdinekin jarraitzeko egindako apustua nola irtengo zaien ingelesei eta frantziarrei. Bien final-laurdenak sekulako borrokak izan ziren, eta horrelako partida gogorretatik osatzeko denbora behar dute gorputzek. Jokalari batzuek nekea onartu dute, Elizaldek adibidez: «Gorputz osoan min daukat. Zeelanda Berriaren kontra sekulako jusa xahutu dugu. Nekatuta gaude». Ingalaterran ere gisa horretako hitzak entzun dira. Arerioari ahul dagoela sinestarazteko taktika mediatikoa ala benetako egia? Gaur zelaian ikusiko da nor zegoen nekatuen, eta batez ere, nor nagusituko zaion besteari.
FRANTZIA-INGALATERRA
Frantzia: Milloud, Ibañez (kapitaina), De Villiers; Thion, Pelous; Bonnaire, Betsen, Dusautoir; Elizalde, Beauxis; Heymans, Jauzion, Marty, Clerc; Traille. Ordezkoak: Poux, Szarzewski, Chabal, Hariñordoki, Michalak, Poitrenaud, Dominici.
Ingalaterra: Sheridan, Regan, Vickery (kap); Kay, Shaw; Corry, Moody, Easter; Gomarsall, Wilkinson; Lewsey, Catt, Tait, Sackey; Robinson. Ordezkoak: Chuter, Stevens, Dallaglio, Worsley, Richards, Flood, Hipkiss.
Estadioa: Parisko Stade de France (80.000 ikusle).
Epailea: Jonathan Kaplan (Hegoafrika).
Orena: 21:00.
Telebista: FR TF1; Es Digital +.
Kirola
Ingalaterrak eta Frantziak Munduko Errugbi Kopako lehen finalerdia jokatuko dute gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu