Munduko Kopako hirugarren jardunaldian ez zen ezusteko handiegirik izan atzo, eta Ingalaterrak zein Zeelanda Berriak esperotakoa egin zuten haien partidak aise irabaziz. Martin Johnsonen jokalariek entrenamendu ona ukan zuten ezinean ibili zen Errumaniaren aurka, eta67-3 irabazi zuten. Hala ere, zaleek gehien itxoiten zuten partida Zeelanda Berria eta Frantziaren artekoa zen. Hor ere, ezustekorik ez zen, eta All Blacks-ak nagusi izan ziren, haien etxean jokatzen den Munduko Kopan (37-17).
Frantziak lehen hamar minutuetan ezustea emateko gai zela erakutsi nahi izan zuen, eta Zeelanda Berria estu hartu. Jokaldiak bata bestearen gibeletik egin zituen, baina punturik sartzen ez zuen lortu. All Blacks-ek ez zuten oparirik egin nahi, eta defentsan ederki eutsi zuten. Frantzia agintzen ari zela, Thomsonek entsegua sartu zuen, eta frantziarrei min handia egin zien. Hortik aurrera, Zeelanda Berriak bere partida eraiki zuen. Lehen zatian Frantziako defentsaren bi peto baliatu zituen beste bi entsegu sartzeko, eta aldea ireki zuen: 19-3.
Bigarren zatian etxeko taldeak presioarekin jarraitu zuen, eta beste hamar puntu lortu zituen Israel Daggen entsegu batekin eta Carterren ostiko batekin. Zuloa egina zegoen (32-3), eta etxekoak lasaitu egin ziren. Frantziak Hariñordoki, Servat, Barcella eta Trinh-Duc sartu zituen emaitza itxuratzeko. Maxime Mermozek Zeelanda Berrikoen erasoan sartu eta baloia lapurtu zuen entsegua sartzeko. Aitzinekoen presioari esker Frantziak zigor kolpe ilara lortu zuen. Gero Trinh-Duc bakarrik joan zen entsegua sartzera: 32-17. Hurrengo jokaldian, Sonny Bill Williamsek partidako azken entsegua sartu zuen.
Gaur, Argentina-Eskozia
Gaur bukatuko da Munduko Kopako hirugarren jardunaldia, hiru partidekin. Partida nagusia B multzoko Argentina eta Eskoziaren artekoa izanen da (09:30). Lehenago, Irlanda Errusiaren aurka ariko da C multzoan (07:30), eta Fiji-Samoa Pazifikoko uharteen derbia jokatuko da (04:30).
Ingalaterrak eta Zeelanda Berriak arazorik gabe irabazi dituzte euren partidak
Errumania (67-3) eta Frantzia (37-17) baino gehiago izan dira, hurrenez hurren, eta sendo jarraitzen dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu