Gales eta Ingalaterraren artekoa bi eskola desberdinen arteko partida izan zen. Ingalaterraren indar eta zorroztasun taktikoa batetik, eta Galesen joko nahasi eta abiadura bestetik. Pragmatismoak, joko irekiari partida irabazi zion, eta Ingalaterrak lehen jardunaldiko emaitza ona lortu zuen Galesi Cardiffen irabaziz (19-26).
Partida bero hasi zen. Bi taldeek lehiaketan sartzeko gogoa zuten, eta Gales entseatu zen hasieratik presioa Ingalaterraren zelaianegiten. Etxekoen grinak, baina, ez zuen saririk jaso. Stephen Jonesek bitan huts egin zuen bere ostikadetan, bere taldekideek lortutako zigor kolpeak ezerezean utziz.
Pixkanaka, Ingalaterra partidaren agintea hartzen hasi zen. Indar gehiago zuen, eta kontaktuetan min egin zuen. Joko eraikiagoa zuen, eta uztartze zein eskasetan bere baloiak garbi lortzen zituen. Ongi eraikitako erasoaldi baten ondotik, Chris Ashtonek entsegua sartu zuen. Tobby Flooden zigor kolpe bati esker 10-0 ezarri zen Ingalaterra. Lehen zatia ostikatzaileen guda batekin bukatu zen, eta Arrosaren hamabostekoa joan zen aitzinetik atsedenaldira: 13-6.
Bigarren zatia atseginagoa izan zen, eta Ingalaterrak bere indarra inposatu zuen. Gales 14 jokalarirekin zela, Ashtonek partida erabaki zuen bere bigarren entsegua sartuz: 12-23. Galesek emozioa erantsi zion lehiari, jokoa nahasiz. Bere gogoek saria jaso zuten, Stodarden entseguari esker. Hala ere, ingelesen kontrola nagusitu zen eta Wilkinsonek bukaerako 19-26a ezarri zuen.
Gaur, beste bi partidak
Bestalde, arratsalde honetan torneoko lehen jardunaldiko azken bi partidak jokatuko dira. Italiak Irlanda jasoko du etxean, 15:30ean. 2009an txapeldun izan eta gero, berriz arrakastaren bideari eutsi nahiko dio Irlandak. 18:00an, berriz, 2010eko txapelduna den Frantziak torneoa hasiko du Eskozia errezibituz. Eskoziarrek emaitza onak lortu dituzte azaroko partidetan, eta Frantziak bere krisia bukatu nahiko du lehiaketa ona eginez.
Ingalaterrak merezita irabazi dio Galesi, eta modu onean hasi du Torneoa
Ingelesek partida serioa jokatu dute Cardiffen, eta beren indarrari esker etxekoen joko arina eragotzi dute (19-26)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu