Ingalaterraren eskuetan dago

Gaur jakingo da Sei Nazioen Torneoa nork irabaziko duen, eta ingelesek aukera handia dute garaile izateko

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
«Ados, jaun-andreok, ados!» oihukatzea izaten da ohitura pilotan, partidaren azken tantora bi pilotariak berdinduta iristen direnean. Sei Nazioen Torneoaren azken jardunaldia jokatu aurretik, Ingalaterrak beste selekzio guztiak ados ezartzeko aukera du. Ados, bai, ez berdinduta daudelako, beste selekzio guztiek ingelesen nagusitasuna onartu beste erremediorik ez dutelako baizik.

Jardunaldi bakarra eskas da aurtengo ekitaldia bukatzeko, eta Ingalaterrak bere aurkariak baino gehiago dela erakutsi du. Martin Johnsonek zuzendutako jokalariek Grand Slama lortzeko aukera dute. Horretarako, Dublinen irabazi beharko dute gaur, eta bosgarren garaipena lortu beste horrenbeste partidetan.

Gales da aurkari bakarra

Irlandan galduta ere aukera handia dute arrosaren jokalariek torneoa irabazteko. Gales da, gaur-gaurkoz, Ingalaterrari lehen postua kentzeko aukera duen selekzio bakarra. Horretarako, Ingalaterrak partida galdu behar luke, eta Galesek Frantziari irabazi beharko lioke. Kasu horretan, bi selekzioak berdinduta leudeke, eta puntu aldeak erabakiko luke lehia.

Puntu aldea, baina, Ingalaterraren alde dago oso garbi. 67 tantorekin, 42 tantoko abantaila dauka Ingalaterrak Galesekiko. Galesek, beraz, irabaztea ez luke aski. 42 tantoren alde horri buelta emateko gai izan behar luke. Hau da, Frantziari jipoi handia eman, eta Irlandak Ingalaterrari ahalik eta alde handienarekin irabaztea.

Noski, edozer da posible kirolean, baina Galesen aukerak biziki urriak dira. Ingelesek argi dakite torneo erdia sakelan dutela, eta begiak Grand Slamari begira ezarriak dituzte. 2003az geroztik Ingalaterrak ez du horrelakorik lortu. Garai hartan Martin Johnson zen selekzioaren kapitaina, eta azken partida Irlandaren aurka jokatu zuen Ingalaterrak, Dublingo Landsdowne Road estadio zaharrean. Zazpi urte geroago, Johnson Ingalaterraren hautatzailea da, eta bere taldeak Irlandako hiriburuan izango du jokoan gaur du Grand Slama, Landsdowne Road estadio berrian. Historiari begira bitxikeria ederra litzateke ingelesek irabaztea. Hitza jokalariena da orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.