Iñigo Llopisek domina eskuratu du S8 mailan, bizkar estiloko 100 metrokoan. Rioko Jokoetan (2016) lortu ez zuena eskuratu du Tokioko Paralinpiar Jokoetan: zilarrezko domina. Lehen sailkatua Robert Griswold estatubatuarra izan da, eta munduko marka ezarri du: 1.02.55. Espainiako selekzioko igerilaria lau segundo geroago ailegatu da, 1.06.82ko denbora eginez. Hirugarren sailkatua Liu Fengqi txinatarra izan da.
Ez da kasualitatea izan Llopisek proba horretan medaila eskuratzea. Izan ere, bizkar estiloko 100 metrokoan trebatzen aritu da, eta horren erakusle da Espainiako errekorra ezarri zuela Mallorcan (Espainia), bizkar estiloko 100 metrokoan. Hain justu, ezarritako marka horrekin Tokioko Jokoetara joateko txartela lortu zuen.
Gaur ez ezik, abuztuaren 31n ere lehiatuko da S8 mailako estilo libreko 400 metrokoan; sailkapeneko proba izango da.