"Lehen prentsaurrekoan esan nuen bezala, Realean jarraitzea zen nire helburua, eta oso pozik eta harro nago". Hilabete askoko negoziazio prozesuaren ondoren, Iñigo Martinezek 2021eko ekainaren 30era arteko kontratua sinatu du Realarekin. "Hauxe zen denon borondatea eta iritsi da eguna. Horrelako gauzak ez dira lortzen egun batetik bestera, baina ahalegin handia egin du klubak eta eskertu beharrean nago. Garrantzitsu sentitzen naiz". 2017ko ekainaren 30ean zen amaitzekoa aurreko kontratua, eta beste lau urterako hitzarmena sinatu dute bi aldeek. Lorenzo Juarros Loren kirol zuzendariaren hitzetan, "gaur egunera egokituta", baina 30 milioi eurokoa izaten jarraituko du Iñigo Martinezen etete klausulak.
Bizkaitarrak onartu du negoziazioan, une jakin batean, "dena" baloratzera iritsi zela. "Eta dena esaten dudanean, dena esan nahi dut". Baina klubak behin eta berriz egin duen ahalegina azpimarratu, eta "onena Realean segitzea" dela argitu du erdiko atzelariak. "Talde ona daukagu, erakutsi dugu edozeini irabazteko gai garela, eta hurrengo urteetan gauza politak egitea espero dut". Klubak eskaini dion kirol proiektua "oso gustuko" duela gaineratu du jokalariak. "Beti nahi izaten dut gehiago; horrelakoa naiz izatez. Eta handinahia dauka klubak. Daukadan onena emango dut helburuak bete ditzagun". Bere aldetik Athleticekin ez duela hartu-emanik izan gaineratu du. "Baina bizitzan eta kirol arloan inoiz ezin da jakin etorkizunean zer gertatuko den".
Hurrengo urteetan kapitainaren besokoa "harro eta gogotsu" hartuko lukeela ere adierazi du Iñigo Martinezek. "Baina beste taldekide batzuk dauzkat aurretik, eta bikain ari dira egiten euren lana". Lorenen hitzetan, Reala bere sentitzen duen jokalaria da atzelaria. "Eta klubarekin, Gipuzkoarekin eta zaleekin konpromiso handia daukala erakutsi du. Daukan handinahia aldagelan islatzea espero dugu".