Bi euskal jokalari ariko dira Eslovenian: Jon Belaustegi donostiarra eta Iker Romero gasteiztarra.Espainiako selekzioaren egonaldiaren tarte batean hitz egin zuen Berriak Belaustegirekin, Donostian. Hanburgo taldeko eskuin albokoa «zertxobait arduratuta» zegoen, belaunean arazo txiki batzuk zituelako. «Zortea eta belaunak arazorik ez ematea, hori da eskatzen dudan bakarra», zioen.
Gabonak pasa dira, eta atseden egun batzuk izan dituzu. Orain berriro ari zara lanean, egonaldi batean murgilduta. Zer moduz doa dena?
Ondo, baina belaunean arazo txiki batzuk ditut. Esloveniara ez joatekotan egon naiz, baina pixkanaka-pixkanaka hobera egin dut eta oraingoz ez dut arazorik izan jokatzeko. Alcobendasen jokatu den Nazioarteko Torneoa irabazi berri dugu, eta taldea ondo dago. Nik lan ona egin dut, eta torneoko jokalari onenaren saria eman didate. Ilusioa egn dit, lan ona egiten ari naizenaren seinale.
Zurekin hitz genuen azken aldia Nazioen Superkopako bezperan izan zen. Espainiak torneoa irabazi zuen, eta zuk maila bikaina eman zenuen.
Bai. Niretzat torneo oso garrantzitsua zen. Europako Txapelketara joan nahi nuen, eta hori lortzeko lan ona egin eta hautatzailearen konfiantza bereganatu behar nuen. Dena ezin hobeto atera zen: Espainiak torneoa eskuratu zuen, finalean Alemaniari bere etxean irabazita, eta nik partida bikaina egin nuen. Izugarri poztu nintzen.
Pixkanaka-pixkanaka bidea egiten ari zara, eta, zure ametsa, Olinpiar Jokoak, gertu daude.
Bai, hori da nire asmoa. Lehenik, Nazioen Superkopan egon nahi nuen, eta Europako Txapelketa jokatzeko ahalmena nuela erakutsi. Bide hori egin ondoren, askoz gertuago ikusten dut Atenas. Dena ondo ateratzen ari da, eta Eslovenian hori erakutsi behar dugu: jokalari gazteak Europako Txapelketan, eta nola ez, Olinpiar Jokoetan egoteko gogoa eta ilusioa dugula.
Jokalari beteranoen eta gazteen nahasketa ondo doakio Espainiari orain arte.
Nahasketa oso ona da: gazteon freskotasuna, inprobisazioa, eta beteranoen eskarmentua eta seriotasuna.
Gaur Europako txapelketa hasten da. Nola ikusten duzu?
Selekzio handien artean jokatu ditugun azkeneko partidetan argi ikusi da ez dagoela ia alderik, eta lehiak azken unean erabakitzen direla, gol eskas batengatik. Nazioen Superkopa da esan dudanaren adibide garbiena. Lehia guztiak gol eskas bategatik irabazi genituen. Torneoa irabazi genuen, baina seigarren ere sailka gintezkeen.
Txapelketa irabazteko faboritorik?
Betiko selekzioak egongo gara lehian: Alemania, Frantzia, Kroazia, Errusia, Espainia, Danimarka, Serbia eta Montenegro, Suedia... Azken hiruak, gainera ez dira oraindik Atenaserako sailkatu, eta horren bila atera beharko dute. Inoiz baino berdinduagoak gaude selekzio guztiak, oso zaila da faborito bat esatea.
Eta ezustekorik?
Eslovenia aipatuko nuke. Talde oso bitxia da, txapelketa bikaina egin dezakete, eta irabazi, edo kale egin eta txapelketa oso eskasa egin. Selekzio oso irregularra da, baina bikaina aldi berean.
Lehen partida oso gogorra izango da: Kroazia, munduko txapelduna.
Hala da, bai. Munduko txapelduna da Kroazia, eta horrek zerbait esan nahi du, ez da kasualitatea. Talde oso gaztea dute, eta estilo eta defentsa bikaina. Bikain jokatzen dute, eta irabazteko grina izugarria dute. Bost golengatik galtzen egon arren, ez dute amore ematen.
Zu, zein helbururekin zoaz?
Belauna da nire ardura bakarra, sasoi betean eta inolako arazorik gabe egon nahi dut. Belauna ondo badago, lan ona egingo dut, inoiz baino konfiantza gehiagorekin ari bainaiz jokatzen.
ESKUBALOIA. EUROPAKO TXAPELKETA
«Inoiz baino alde txikiagoak daude; zaila da faborito bat ematea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu