Hamabost urte joan dira Gasteizko Corazonistas taldean jokatzen zuen 16 urteko gazte hark Euskal Herria utzi zuenetik. Valladolid, Leon, Ciudad Real, Bartzelona eta Berlin izan ditu geltoki bere kirol ibilbidean.
Zer geratzen da 16 urterekin Gasteiz utzi eta Valladolidera joan zen gazte hartatik?
Bada, asko. Bai, behintzat, pertsona moduan. Ia hamabost urte joan dira ordutik, baina argazkiak begiratzen jartzen zarenean, badirudi ez dela horrenbeste denbora pasatu. Egia biribila da denbora ziztu bizian pasatzen dela. Nire kasuan, hala izan da, eta, zorionez, zortea izan dut, eta esperientzia asko eta oso onak bizi izan ditut. Oso pozik nago bizi izan dudana bizitzeagatik.
Zure kirol ibilbideak bost geltoki izan ditu Berlinera iritsi aurretik. Gasteiz izan zen lehena, Bihotz Sakratuko ikastetxean, Corazonistas taldean. Zer oroitzapen dituzu?
Oso onak. Nire betiko lagunak talde horretan egin nituen. Gasteizera joaten naizenean beti egoten gara elkarrekin. Bizitza guztirako lagunak egin nituen Corazonistas taldean.
Gasteiztik Valladolidera joan zinen, 16 urte eskas zenituela.
Bai, Juan Carlos Pastorrek eraman ninduen Valladolidera. Han ezagutu nuen eskubaloi profesionala. Aldaketa handia izan zen, baina oroitzapen ederra dut han bizitako hiru urteez.
Valladolidetik Leonera, Ademarrera.
Urtebete bakarrik egin nuen Leonen, baina asko ikasi nuen. Manolo Cadenasek estu hartu ninduen lehen egunetik, eta jauzi handia eman nuen. Liga irabazi genuen, gainera, nire lehen titulua, eta horrek Ciudad Realeko eta Espainiako selekzioko ateak ireki zizkidan.
Ciudad Real ahalguztidunaren hastapenak ezagutu zenituen gero.
Bai, eta han luxua izan zen bi urtez Talant Duixebaev, Alberto Entrerrios eta enparauekin aritzea. Espainiako Kopa bat irabazi genuen, eta Europako bi Errekopa. Asko hobetu nuen.
Ciudad Realetik Bartzelonara. Han erabat errotu zinen. Zortzi urte luze egin zenituen han, eta irabaz daitekeen guztia irabazi.
Nire kirol ibilbideko urterik onenak egin ditut Bartzelonan. Inoiz ez dut ahaztuko han bizi izan dudana. Zaila da hitzekin azaltzea zer eman didan hiri horrek, klub horrek.
Arantza duzu Bartzelona zuk nahi baino lehenago utzi izanaz?
Kirolariaren bizitza horrelakoa da. Gustatuko litzaidake Bartzelonan jokatzen jarraitzea, noski, baina hori ez zegoen nire esku.
Euskal Herrian jaioa, baina inoiz ez duzu euskal talde batean jokatu.
Egia esan, inoiz ez dut izan euskal talde baten eskaintzarik.
Zure ibilbideko unerik politena?
Asko egon dira, zorionez, titulu asko irabazi baititut. Ezingo nuke bakarra aukeratu.
Eta txarrena?
Kirolari batentzat une txarrak lesioekin egon ohi dira lotuta, eta nik, zoritxarrez, izan dut lesio larri bat baino gehiago.
2012rako desio bat?
Osasuna, niretzat eta familiarentzat. Kirol desio bat? Eskubaloiarekin gozatzen jarraitzea.
«Inoiz ez dut izan euskal talde baten eskaintzarik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu