IX. BERRIA Txapelketa

Inor ez da garaiezina

Markinak eta Oberenak aurrera egin dute IX. BERRIA Txapelketan, Zugarralde eta Gazteleku zerrendaburuak kanporatutaFinal-laurdenetako lehen bi kanporaketak asteburu honetan jokatuko dira

Sagastibeltza, Oberenako kadete mailako aurrelaria, pilota jotzeko zorian, iragan igandeko kanporaketako partidan. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Zerrendaburuek garaiezinak ziruditen aurtengo BERRIA Txapelketan, baina ez, final-zortzirenetako azken asteburuan jokatzen zuten biak kanporatuak izan direlako. Markinak Burlatako Zugarralderi irabazi zion, eta Iruñeko Oberenak Andoaingo Gaztelekuri. Bi seikoteek elkarren aurka jokatuko dute bi aste barru. Aurretik, ordea, lehen bi final-laurdenak jokatuko dira asteburu honetan: Aurrera Saiaz Uharteren aurka, eta Adiskide Errekaren kontra. Lau taldeak torneoko finala jokaturikoak dira noizbait.

Zugarralde 1. Markina 2

KADETEAK

Saldias-Ruiz 8

Arrizabalaga-Urizar 22

GAZTEAK

Rebole-Apeztegia 11

Prieto-Pujana 22

NAGUSIAK

Urdaniz-Azanza 22

Malax-Ajuria 17

Markinak kadete eta gazte mailako bikoteei esker kanporatu zuen Zugarralde iragan larunbatean, Tolosan. Kadete mailako partidak hasiera orekatua izan zuen (5-5), baina hortik aurrera bizkaitarren urdina ikusi zen bakarrik. Urizar atzelaria agintzen hasi zen, eta Arrizabagalak ondo baliatu zituen errematerako aukerak (8-22). Hamahiru tantoren aldearekin hastea pagotxa zen.

Gazteetan, lehia estua espero zen, baina partida erdira arte baino ez zen hala izan. Prieto Markinakoen aurrelariak min handia egin zuen sakearekin, eta Zugarraldeko Apeztegia atzelariak erantzun zion (11-12). Hortik aurrera, baina, Pujana Markinako atzelariak ondo eutsi zion, eta bizkaitarrek jarraian egin zituzten azken hamar tantoak (11-22).

Nagusien mailako partidan ez zegoen deus ere jokoan, Markinak 25 tantoren aldea pilatu zuelako; hala ere, Zugarraldek emaitza atondu zuen (22-17). Urdaniz aurrelari nafarra izan zen laukoteko onena.

Gazteleku 0. Oberena 3

KADETEAK

Arrue-Arberas 0

Sagastibeltza-Andueza 22

GAZTEAK

Eskudero-Jauregi 20

Juarena-Cordon 22

NAGUSIAK

Eskudero-Urruzola 17

Diaz-Okiñena 22

Iruñeko Oberenak iragan igandean lortu zuen final-laurdenetara igarotzea, Andoaingo Gaztelekuren aurkako hiru partidetan nagusituta. Faboritoak ziren, eta bete egin zituzten usteak. Gazteenek oso errenta polita lortu zuten, Sagastibeltzak eta Anduezak 22-0 irabazi baitzuten.

Gazte mailan, partida gogorra izan zen, eta berdinketa ugari izan zituen. Eskudero II.a eta Jaurena aurrelariek hutsak eta tantoak tartekatu zituzten, Andoaingoak sakearekin min handiagoa egin bazuen ere. Atzean, berriz, Cordonek eta Jauregik lehia polita izan zuten. Asko zegoen jokoan, eta bukaera arte egon zen emozioa (20-20). Azkenean, baina, Oberenakoek gehiago asmatu, eta kanporaketa erabaki zuten, ia ordubeteko lehiaren ondoren (22-20).

Nagusien mailakoek presiorik gabe jokatzeko aukera izan zuten, eta hura izan zen partidarik onena. Oberenako Diaz eta Okiñena hobeto hasi ziren, baina Gaztelekuko Eskuderok ondo baliatu zuen Urruzola atzelariaren lana aurretik jartzeko (15-17). Nafarrek, halere, gora egin zuten berriz, eta jarraian egin zituzten azken zazpi tantoak (22-17).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.