Zaleak bereganatzeko hainbat modu daude: batzuek, Xabi Prietok edo Antoine Griezmannek, esaterako, erasoko talentua dute. Beste batzuek, Diego Rivasek, lan ilunetan erakusten dute eraginkortasuna. Mikel Gonzalez (Arrasate, Gipuzkoa, 1985), berriz, kastari esker iritsi da zaleen bihotzera, atzelari teknikoa eta txukuna izateagatik. Arazorik ez du aitortzeko derbiak beste kontu bat direla gainerako norgehiagokekin konparatuta: «Kanpotik jendeak helarazten digunagatik, gehienbat. Beste mugimendu bat dago, gehiago deitzen dizute, animo gehiago jasotzen duzu kalean... Hiru urte daramatzagu Athleticen aurka jokatu gabe, eta oso partida polita da; etxean, gainera. Bai zaleentzat, bai guretzat. Baina hemen ez da dena bukatzen».
Derbi hitzak zer dakarkizu burura?
Reala-Athletic, betidanik. Oso giro berezia sortzen da, eta jendeari asko gustatzen zaiola nabaritzen da. Mezu gehiago jasotzen dituzu, sarrera eskakizun gehiago daude... inork ez du derbia galdu nahi, ez zaleek, eta ezta jokalariek ere.
Bi taldeen arteko harremana nolakoa da?
Lehia sanoa dagoela uste dut. Nahiko arazo badira jada munduan, futbolean ere halakoak sortzeko. Gozatzeko, ondo pasatzeko eta kontu txarrak alde batera uzteko kirola da hau. Sentimenduak ere badaude, eta sufritzen da egoera zailetan, baina ez dut uste gure artean liskarrak sortu beharra dagoenik.
Txikitan derbi zalea zinen?
Bai, aukera nuenean etortzen nintzen Anoetara. 5-0koaz akordatzen naiz, baina gazte samar harrapatu ninduen. Gehiago akordatzen naiz hemen 0-2 galtzen hasi, eta Realak 3-2 irabazitako derbi batez, Reala B-n nengoen garaikoa.
Sailkapenean parez pare zaudete.
Dena da polita. Ordutegia ere egokia da, eta hurrengo egunean jendeak jai dauka, gainera. Gu oso egoera onean gaude. Gijonen irabaztea oso garrantzitsua izan zen, eta ilusio handiarekin ekingo diogu. Irabazitako eta galdutako partida kopuru bera dauzkagu, eta oso parekatuta ikusten dut egoera.
Nolako partida espero duzu?
Gogorra. Anoetan jokatzen dugu, eta gure jokoa egiten saiatu behar dugu; Atletico Madrilen aurkako bigarren zatia kenduta, nagusi izan garelako gehienetan. Eurak ere indartsuago dabiltza etxean. San Mamesek nola bultzatzen duen badakigu. Baina gu ere gotorleku bihurtzen ari gara Anoeta, eta berdin jarraitu behar dugu. Dena ematera atera behar dugu.
Zeintzuk dira Athleticen arrisku nagusiak?
Fernando Llorente oso garrantzitsua da. Asko ematen dio taldeari, alor askotan. Jokalari gutxi egongo dira bere taldeari hainbeste ematen diotenak. Oso bolada onean dago. Zelai erdia sendoa dute Gurpegi eta Javi Martinezekin, eta defentsa ere gustatzen zait.
Zaila da Fernando Llorenteren gisako jokalari bat defenditzea?
Bai, osoa delako. Bizkarrez jokatzen gutxi ikusi ditut bera bezalakoak. Teknikoa da, ondo doa goitik, eta ondo jotzen du baloia. Munduko Kopa bat irabazi du.
Nola jokatu behar du Realak?
Orain arte bezala. Estu hartu behar ditugu, gure artean lagundu egin behar gara, eta lanean gogor aritu behar dugu. Badakigu zelai erditik aurrera aldea egiten dugun jokalariak dauzkagula, bolada onean daudenak, eta hori aprobetxatu behar dugu.
Nolatan aldatu zaio Realari hainbeste aurpegia etxean?
Aurreko sasoian oso ondo hasi ginen, eta jendea gehiago etortzen eta animatzen hasi zen. Sentsazioak aldatu egin ziren. Jendeari eman egin behar diozu, baina eurak ere ematen hasten direnean, barruan nabaritzen duzu ilusio hori. Zaleen ilusioa funtsezko motorra izan da.
Partida guztiak irabazi dituzue Anoetan, bi izan ezik, eta horietan ere itxura txarra ez duzue eman.
Galtzen duzunean beti zaude izorratuta, baina porrot guztiak ez dira berdinak. Gauza positiboak atera genituen partida haietatik ere. Atletico Madrilen aurka oso ondo ibili ginen lehen zatian, esaterako.
Derbi bakarra jokatu duzu, jaitsieraren denboraldian, hain zuzen ere. Nola gogoratzen duzu?
0-2 galdu genuen. Oso behean geunden sartuta, eta derrigorrean irabazi beharreko partida zen, etxean. Athletic ere ez zebilen oso ondo. Sekulako kolpea izan zen galtzea. Denboraldi osoa izan zen oso gogorra.
Orduan goitik behera zihoan Reala, eta orain, berriz, behetik gora. Bada aldea.
Bai. Espero dut berdin jarraitzea. Hiru urte zail pasatu ondoren, aurrekoa oso polita izan zen. Igotzea lortu genuen, eta klubak ere ekonomikoki hobera egin duela eta egonkortze prozesu batean dagoela ematen du. Sasoi honetan ere balantzea positiboa da oraingoz. Badakigu oso gogorra izango dela, baina ilusio handia dugu. Hori da inportantena.
Taldeak eman duen itxurak harritu al zaitu?
Harritu ez, baina banuen gogoa nola erantzuten zuen ikusteko. Jokalari asko gaude Lehen Mailan oso gutxi jokatu dugunak edo batere jokatu ez dutenak. Eskarmentu gutxi izan arren, gogo handia erakusten ari gara.
Zure lehen urteetan gozatu ez zenuena ari zara gozatzen orain?
Jaitsiera aurreko sasoian egin nuen debuta. Taldeari gauzak irteten ez zaizkionean ezinezkoa da gozatzea, are gutxiago jaitsi egiten bada. Edonork esango lizuke. Aldiz, emaitzak onak direnean, helburuak betetzen direnean eta horren partaide zarenean, beste modu batera bizi duzu.
Sendoago ikusten duzu zeure burua zelaian?
Bai. Lehen urtean hiru partida jokatu nituen. 5-2 galdu genuen Mallorcan. Gero Reala B-ra bueltatu nintzen, Bigarren Mailara igotzeko kanporaketa jokatu genuen, eta uste dut oso ondo etorri zitzaidala. Gauza asko nituen hobetzeko. Jaitsieraren urtean igo nintzen lehen taldera, orain arte. Tarte horretan bilakaera bat egongo zela pentsatzen dut.
Kontratua berritzeak lasaitasuna eman zizun?
Nik argi neuzkan nire asmoak. Ezegonkortasun hori inguruan eta komunikabideetan sortzen da agian, baina nik beti esaten nuen hitz egiten ari ginela eta lasai nengoela, Realean jarraitu nahi nuelako eta paperean ipintzea baino ez zelako falta.
Egia da Athleticetik gertu ibili zinela?
Ez. Hori prentsaren kontua izan zen. Orriak bete egin behar dira nonbait.
Epe luzean Lehen Mailan finkatzeko moduan ikusten duzu Reala?
Futbolean epe luzeari buruz hitz egitea zaila da. Asteburukoak agintzen du. Baina ikusten da kluba egonkortasuna topatzen ari dela. Jokalari asko gazteak gara, kontratua berritu dugu, oinarri sendo bat sortzen ari da. Helburua denboraldi honetan mailari eustea da. Pausoz pauso egin behar dira gauzak.
«Inork ez du derbia galdu nahi»
Athleticen aurka derbi bakarra jokatu du bere ibilbidean Realeko erdiko atzelariak, 2006-2007ko sasoian, Reala Bigarren Mailara jaitsi zenean. Ordutik, baina, gauzak asko aldatu dira bai taldearentzat bai berarentzat, askoz ere jokalari zailduagoa baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu