2011-2012ko denboraldia hasi zenean inork ez zuen espero Gabonetako oporraldian Osasuna sailkapeneko bosgarren postuan izaterik.Joko ikusgarririk ez dute egin gorritxoek, baina Jose Luis Mendilibarrek zuzendu taldea, talde sendoa da, aurkarientzat deserosoa, eta emaitzak hor daude: Mendilibarrek otsailean taldearen ardura hartu zuenetik 31 Liga jardunaldi jokatu ditu Osasunak, 14 partida irabazi, 8 berdindu eta 9 galdu dituztelarik.
Hogeita hamaika partidatan 50 puntu batu dituzte gorritxoek. Sasoi batek 38 jardunaldi izaten dituenez, Mendilibarren lanak bi denboralditan izan ordez sasoi bakarrean izan balira, sasoia amaitzeko zazpi jardunaldi falta direla mailari eusteko beharrezkoak diren puntuak batuta izateaz gain beste helbururen baten lehian eresartuta izango zen taldea, beraz. Iragan sasoiaren azken laurdenean entrenatzaile zaldibartarrarekin Osasunak gora egin zuela argi dago, baina 2011-2012ko denboraldia soilik aztertuz gero ere hobekuntza nabaria da. Mendilibarrek berak ere onartu du jokoa ez dela izan berak nahi bezalakoa, baina estatistikek haren alde hitz egiten dute.
1. Etxean galdu gabe
Irailean sasoia hasiz gerotik Osasunak jokatu hamasei partidetatik hiru besterik ez ditu galdu Iruñeko taldeak, eta etxean porrotik jaso gabe dira oraindik nafarrak. Nafarroako Erresuma gotorleku bilakatzea izaten da sasoi hasiera guztietan gorritxoen entrenatzaileen nahia eta asmoa, eta Mendilibarrek hori lortu du, behintzat.Zortzi partidatan bost aldiz irabazi, eta hirutan berdindu egin dute gorritxoek. Ez da datu makala, Osasunakoekin batera Bartzelona ahalguztiduneko jokalariek soilik esan baitezakete Liga hasiz gerotik etxean partidarik ez dutela galdu. Ligako talde handien aurka etxetik at jokatu dutela ahazterik ez dago, baina maila ertaineko taldeen aurka kalerik egin ez izana gauza aipagarria da,zalantzarik gabe.
2. Kontrako golak,partida gutxitan
Zaragoza azken sailkatuari soilik sartu dizkiote Osasunari baino gol gehiago Ligako lehen hamasei jardunaldietan. Datuak kezkagarria izan beharko luke. Baina emaitzak arretaz aztertuz gero, ez da hainbesterako. Hogeita zortzi gol sartu dizkiote Osasunari hamasei partidatan, baina hogeita zortzi gol horietatik hemezortzi galdutako hiru partidetan egin dizkiote: Nou Campeko 8-0koan, Santiago Bernabeuko 7-1koan eta San Mameseko 3-1koan. Galdutako partida bakar horiek albo batera utziz gero, hamahiru partidatan hamar gol jaso ditu Osasunak, eta hamahiru partida horietatik bostetan ez dute golik jaso gorritxoek. Hori ez da batez besteko txarra. Are eta gutxiago, gorritxoek Ligako talde gehienek baino gol gehiago sartu dituztela aintzat hartuz gero. Real Madrilek, Bartzelonak, Valentziak, Levantek, Athleticek eta Atletico Madrilek soilik egin dituzte gorritxoek baino gol gehiago Liga hasiz gerotik.
3. Alde egindakojokalariekin gogoratu gabe
Azken denboraldietan taldean izan golegilerik onenek taldea utzi zuten udan: Walter Pandianik, eta Carlos Arandak, esaterako. Golak sartzeaz gain golakematen zituen Camuñasek aldegiteak ere kili-kolo utzi zuen Osasunaren erasorako gaitasuna. Eta Natxo Monrealek ezker hegalean utzitako hutsuneak kezka eragin zuen. Zorionez, gaur egun jende gutxi gogoratzen da alde egindako jokalariekin, dena dela. Lamah, Nino eta Ibrahima ondo erantzuten ari dira, eta Osasunak erasoan iragan sasoikoa adinako maila badaukala argi utzi dute iritsi berriek. Kike Solak iragan sasoiko maila berreskuratuko balu eta Dejan Lekic serbiarra ere behingoz suspertuko balitz, arazorik ez luke izango erasoan. Atzealdearen ezker hegalak buruhauste gehiago eman dizkio Mendilibarri. Monrealen lekukoa hartzea ez zen gauza erraza, eta Etxaideren lesioa zela tarteko Raitala finlandiarrak gorabehera asko izan ditu. Harrobia ere hor dago, ordea, eta Eneko Satrustegi postuaz jabetu daitekeela dirudi.
4. Harrobiarenekarpen ona
Taldean hain nafar gutxi ikusita, eta Taxoareko harrobiak emaitzak ematen ez zituela ikusita, osasunazaleak atsekabetuta ziren azken urteetan. Taldearekin identifikatzeko ere lanak zituzten batzuk, eta horren adierazgarria da Osasunak urtetik urtera bazkide gutxiago eduki izana azken denboraldietan. Hargatik, gauzak aldatzen ari dira. Satrustegirenaizan daiteke adibiderik onena, baina ez da bakarra.
Sasoia hasiz gerotik Satrustegiz gain, Roberto Torres erdilari nafarrak ere debuta egin du lehen taldearekin lehiaketa ofizialean. Lesioak direla tarteko, bigarren taldeko Marcos Perez espainiarrak ere debuta egin zuen Santiago Bernabeun, eta partida hartan beste nafar gazte bat ere bazegoen gorritxoen ordezkoen aulkian: bigarren taldeko Manu Onwu aurrelaria. Iragan sasoian bigarren taldearekin ari ziren David Timor eta Xavi Annunziata ere sasoi honetan lehen taldearekin ari direla gehituz gero, Taxoareko harrobia bere ekarpena egiten ari dela esatea ez da gehiegizkoa. Eta zaleek asko eskertzen dute hori, besteak beste.
Oraindik goiz da ezer aurreratzeko, eta Osasunako jokalariek ezin dute pentsatu mailari eusteko inolako zailtasunik ez dutela izango. Datorren denboraldian Europan lehiatzeko ametsa urrun dago oraindik, atzetik dituzten taldeekin alde handirik ez baitago puntuetan. Eta orain artean ez bezala, emaitza bolada txarren bat iritsiko da ziurrenik,oraindik ez baitituzte bi partida jarraian punturik batu gabe egin, esaterako. Objetiboki, hamasei partidatan hogeita bost puntu batzea marka ona da. Eta puntu horiek inork ez dizkio kenduko jada Osasunari. Sasoi amaiera
Inork uste ez bezala
Osasuna ligako bosgarren postuan iritsi da abenduko etenaldira, eta, jokoa oso dotorea ez izan arren, taldeak erakutsitako sendotasunak ilusioa zabaldu du zaleen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu