Aulkitik begira

Intentsitatea, inoiz joan behar ez lukeen hori

Aitor Manterola Garate.
2010eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Futbolean ez. Eskolan, Fisika ikasgaian, askotan entzuten genuen intentsitate hitza. Futbolean ere erabiltzen da, eta badakit zer esan nahi duen. Entrenatzailea naizen aldetik, asko maite dut. Fisikan anperetan neurtzen dela aurkitu dut hor nonbait. Zehatza da, beraz. Futbolean ez du ematen oso zehatza denik. Joan eta etorri egiten da, asteartea gauean partidaren batean ikusi zenez behintzat.



Gizakia eta akatsak. Harri berean bi, hiru eta berrogei bider gizakiak bakarrik egiten omen du estropezu. Egia galanta. Realeko jokalariek bi aldiz egin dute hanka-sartze bera astebetean. Gogoratzen al zarete Almeriaz? Gogoan al duzue espainiarren bigarren golaren sorburua? Alboko sakea esan, eta oroituko zarete. Bada, herenegun, gauza bera gertatu zen. Osasunaren lehen golaren hasiera alboko sake batean dago. Berriz ere, Realeko jokalariak oso bigun aritu ziren, batere estutu gabe (eskerrak Sadar zaharra zelai txikia den, eta halako lekuetan aurkariaren gainean egon behar den). Monrealek nahi bezala erdiratu zuen. Osasunak zerbait badu, hegaletatik egiten duen erdiraketa kopuru handia da, baina Reala lo zegoen. Badu zer zuzendua Martin Lasartek jokaldi horietan. Hirugarren aldiz harri berean jo eta hankaz gora erortzea oso larria litzateke. Realeko jokalariak gizakiak izan arren.



Itzuli egin da. Hemen da Osasuna. Alde pixka bat badago joan zen larunbatean Mallorcan azaldu zenaren eta asteartekoaren artean. Asteburukoa jota zegoen; astegunekoa, bizirik. Jokalariek grinarekin jokatu zuten, sutsu, gogotsu. Ohiko Osasunaren antzekoa ikusi nuen nik. Betikoaren tankerakoa. Orain arte zertan egon den beraiek erantzun beharko dute. Lotuta daude intentsitatea eta Iruñeko taldea. Uztarri berean ez badaude, ez du zeregin handirik Osasunak. Inor gutxik espero zuenean esnatu da taldea. Berriz lo ez hartzea behar du orain. Hiru puntuek konfiantza ematen dute beti. Agian, konfiantza falta zitzaien jokalariei, eta konfiantzarik ezean, ez da erraza intentsitate biziz jokatzea. Edozein erabaki hartzeko garaian, galdera ikurra ikusten dute jokalariek buruan. Aurkari gogorrena.



Bide onean. Gutxi-asko, neurri berean jokatzen du beti Athleticek San Mamesen. Aurkariak baino martxa bat biziago. Egia da jokatzeko ereduak ere eskatu egiten diela jokalariei gogotsu, bizi eta erabat kontzentratuta jokatzera. Baina oso gutxitan ibiltzen da taldea mailatik azpira zaleen aurrean. Galdu, berdindu edo irabazi egingo du gero, baina intentsitatea ia bera da beti. Asteartean, ezaugarri horren bi neurriak azaldu ziren. Athletic, betiko martxan, eta Mallorca, oso epel, bigun eta makal. Emaitzak ondo asko erakusten du aldea. Intentsitatez jokatzeak beti ez ditu ematen puntuak, baina gabe aritzeak puntuak kentzen ditu edonon.



Oinarrizko ezaugarria. Futbolari ona zer den zehaztea futbolean ondo jokatzea zer den lotzea bezain korapilatsua da. Futbolaria arlo askotan izan daiteke ona, ez bakarrik arlo teknikoan. Adibidez: taktikaren esparruan, beti ondo mugitzen den jokalaria oso ona da, nahiz eta gero teknika aldetik baldar samarra izan. Edo alderantziz. Baina badago ezaugarri bat futbolari orok izan beharrekoa: intentsitatea. Gosea, grina, borrokarako jarrera, lehiakortasuna eta beste gauza asko sartzen dira hitz horren barruan. Nik oso garbi daukat: oinarri-oinarrian dago ezaugarri hori. Eta hortik abiatzen da baloiarekin jokatzen duena futbolaria izaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.