ION ANSOTEGI. REALEKO JOKALARIA. «Debutatzeko inoiz ez da berandu»

Xabier Lopetegi.
2006ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Zesta puntaren sehasketako batean jaio arren, txikitan baino ez zen frontoian aritu Ion Ansotegi (Berriatua, 1982). Xisterarekin ez zen gaizki moldatuko, atzelaria izateko gorpuzkera aparta baitauka: 1,92ko garaierarekin, bera da, Morten Skouborekin batera, Realeko sabaia. Futbola da, nolanahi ere, gogokoen duena. Ingeniaritza ikasketak bukatzear dauzka, baina kirolari eman nahi dio orain lehentasuna, trenari ez diolako ihes egiten utzi nahi: «Unibertsitateak toki berean jarraituko du urtebete barru».

Athleticen aurkako derbian debuta egiteak berezia izan behar du. Gustura gelditu al zinen?

Oro har, sentsazio onak izan nituen, debuta zela kontuan hartuta. Gustura gelditu nintzen. Pena handiena eskuan genuen garaipena ez lortzea izan zen.

Astelehenean esan zenuen, zegoen zalapartarekin, taldekideak entzuteko zailtasunak izatea izan zela gehien harritu zintuen gauzetako bat.

Bai. Bigarren B Mailan ez da halakorik gertatzen. Anoetan giro hotza dagoela esaten da, baina, derbian behintzat, ez zitzaidan halakorik iruditu. Giro polita eta beroa egon zen, nire ustez.

Urduri sentitu al zinen?

Ez, uste baino askoz ere gutxiago. Partidak aurrera egin ahala, nahiko ondo sentitu nintzen. Alboan Jauregiren moduko jokalari esperientziadun bat edukitzeak ere asko lagundu ninduen. Oso baliagarriak izan ziren bere aholkuak.

Noiz jakin zenuen debutatuko zenuela?

Seguru, igandean, partida hasi baino ordu eta erdi lehenago. Baina entrenatzaileak larunbatean esan zidan jokatzeko aukera izan nezakeela. Guztiz mentalizatu nintzen, unea iristen bazen prest egoteko.

Eta ustekabean harrapatu zintuen?

Larunbatean bai, lehen taldearekin entrenatzen hilabete eta erdi eraman arren, Reala Brekin jokatzen ari nintzelako. Partida bukatzerakoan dei pila jaso nituen, inork ez zekielako jokatuko nuela. Ez zuten espero.

Bizkaitarra zara. Txikitan Athleticekoa edo Realekoa zinen?

Txiki-txikitatik izan naiz Realekoa, baina familian eta koadrilan badauzkat Athleticzale asko.

Zer bide egin zenuen Realera arte?

12 urterekin Eibarrera joan nintzen. Eskolarteko txapelketa jokatzen genuen, eta handik deitu ninduten. Zazpi urte eman nituen bertan, azken biak Bigarren B Mailan jokatzen. 19 urterekin fitxatu ninduen Realak, baina lehen denboraldian Barakaldon jokatu nuen, utzita.

23 urterekin egin duzu debuta, beste batzuk baino geroago. Esperientzia hori eskertzen al da?

Bai. Debuta egiteko sekula ez da berandu. Ez naiz sekula debutarekin larritu, lasai egon naiz. Gauzak ahalik eta ondoen egiten ahalegindu naiz beti, unea iristeko irrikan egon gabe. Nire esku dagoena egiten saiatzen naiz, erabakiak hartu behar dituztenei arrazoiak emateko.

Debuta egitea egi bihurtutako ametsa da?

Amets bat bete dut soilik. Badaude amets gehiago: Realarekin Lehen Mailan jokatzea, batik bat. Hori da zailena. Etorkizunari ez diot erreparatzen, hala ere, eguneroko lana ondo eginez gero, etorkizun hori hobea izaten delako. Lan horretan onena ematea da nire asmoa.

Nola deskribatuko zenuke zeure burua jokalari gisa?

Baloia ondo erabiltzeagatik baino, gehiago nabarmentzen naiz defentsagatik. Baina urteek ematen duten lasaitasunarekin eta partidek ematen duten esperientziarekin, uste dut hobetzen joango naizela.

Aurrelari azkarrekin sufritzen duzu gehien, beharbada?

Ez pentsa. Lehen Mailan, ziurrenik, denekin ibiliko naiz estu samar, denek baitaukate berezitasunen bat. Ez nuke esango handiekin hobeto moldatzen naizenik.

Alde handia sumatu al duzu Lehen Maila eta Bigarren B Mailaren artean?

Bai. Erritmoa, jokalarien kalitatea, azkartasuna, baloia erabiltzeko garaian gehiago asmatzen dutela...

Zer nolako giroa sumatu duzu aldagelan?

Ilusioa dago gauzak ongi egiteko. Taldeak lor dezake.

Penarik ematen al dizu Reala Bko taldekideei lagundu ezin izateak?

Apur bat bai, bi denboraldi eta erdi daramadalako beraiekin, eta sasoi honetan taldea ezin hobeto dagoelako, bigarren sailkapenean, 39 punturekin. Baina egunen batean Lehen Mailan jokatzeko gaude hor.

Lehen taldean jokatzeko maila baduten jokalariak daude bigarrenean?

Noski. Eta ez bat edo bi. Une honetan ez dakit, baina egunen batean goian egongo dira, ziur.

Bi erdiko atzelarik eman duzue jauzia aurten, Mikel Gonzalezek eta zu zeuk. Lehen taldekoek espero den neurria ematen ari ez diren seinale al da hori?

Lehen taldean erdiko atzelariak maila handikoak dira, baina lesioekin arazoak izan dituzte. Reala Bko jokalariak lehen taldearekin entrenatzeak ez du esan nahi lehen taldekoak gaizki ari direnik, baizik eta Reala Bkoak ondo ari direla.

Zer moduz ikusi zenuen Mikel Gonzalez lehen taldean jokatu zituen hiru partidatan?

Taldearen antzera aritu zen bera ere. Atletico Madrilen aurka Anoetan jokatu zuen partida ikusi nuen, gero buelta eman zioten hura. Hasieran kaskarrago, eta gero hobeto aritu zen. Mikelek gaitasun handia dauka, bera da egun batean Lehen Mailan egoteko hautagaietako bat, nire ustez.

Agian, azkarregi iritsi zitzaion debuta?

Beno, hori ere ez dago gure esku, beste batzuk erabakitzen dute noiz den unea.

Harrobikoek duela urte batzuk baino errazago daukazue lehen taldera igotzea?

Ez dut uste. Hiru urte daramatzat Reala Bn, eta aukera izan dutenak, ondo ari zirelako izan delakoan nago.

Noiz arte daukazu kontratua?

Ekainaren 30ean bukatzen zait, baina Realak aukera dauka bere kabuz urtebete luzatzeko. Ez diot, hala ere, horri kasu handirik egiten. Orain bi urte arte, ikasketei ematen nien garrantzi gehiago, baina une honetan futbolari eman nahi diot lehentasuna. Eman didaten aukera aprobetxatu nahi dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.