Balentria ikaragarria egin du Ion Izagirrek (Movistar). Espezialista handi-handiak parean zituela, hegan egin du Erromandiako Itzuliko 3,95 kilometroko aitzin-etapa, La Chaux de Fondsen hasi eta amaitu dena, eta lider jarri da, Tom Dumoulini (Giant) sei segundo eta Michal Kwiatkowski eta Geraint Thomasi (Sky) zazpi aterata. Birus baten eraginez azken unean Euskal Herriko Itzulitik kanpo gelditu ondoren, ormaiztegiarrak maila zoragarria eman du Ardenetako klasikoetan, eta Erromandiako Itzuliko aitzin-etapan jaso du aurretik egindako lan onaren saria.
Gorka Izagirrek ere (Movistar) lan bikaina egin du Ion anaia lanean hasi baino ordu erdi lehenago, eta behin-behinean denborarik onenarekin egon da anaietan zaharrena. Azkenerako, bosgarren postuan amaitu du saioa, zortzi segundora. La Chaux de Fondsen hasi eta Moudonen amaitu, lehen etapa jokatuko da bihar, 169 kilometrokoa. Hirugarren mailako hiru mendate eta bigarren mailako bat igo beharko dituzte tartean.
Bestalde, Turkiako Itzulian ere euskaldun bat jarri da lider: Pello Bilbao (Caja Rural). Haizearen eraginez, ero-eroa izan da etapa, eta Lottok txiki-txiki egin du multzo nagusia. Andre Greipelek (Lotto) irabazi du etapa, eta gernikarra jarri da lider, bigarren taldetxoan gelditu eta taldekideek gogotik lan egin ondoren. Seydisehir eta Alanya artean laugarren etapa jokatuko dute bihar (187 km).