Handia egin du Ion Izagirrek (Movistar). Izugarria. Jaio zenetik bizikleta gainean eman du bizitza, eta gaur irabazi du profesional ibilbideko etaparik garrantzitsuena, Frantziako Tourrean. Eguneko ihesaldian sartu da ormaiztegiarra, 30 laguneko taldean, eta hango onena izanda ondo merezita altxatu ditu bi besoak Morzineko helmugan. Eguneko lehen bi mendateak aise igaro ditu; ondoren zortzi lagun geratu dira buruan, eta pazientziaz jokatu du ormaiztegiarrak. Joux Plane azken mendatean gora atzetik aurrera egin du. Buruan zihoazen ziklistak harrapatu ditu, eta Pantano eta Nibalirekin igaro du gaina. Bada, beherakoan, izugarri arriskatuta, ihes egitea lortu du, eta Tourrean estreinakoz irabazi du etapa.
Helmugara ailegatu berritan hitz egin du kazetarien aurrean Movistarrekoak, eta oso pozik agertu da. "Ez sinestekoa da hau. Hankek bikain erantzun didate, eta arriskatzea ongi atera zait. Nibali eta Pantano bikain jaisten dira, baina gehiago izan naiz". Gaitasun teknikoa erakutsita, zerua lortu du. Gainera, Movistarri ere poza eman dio. Etapa irabazteaz gain, podiuma ere ziurtatu du Eusebio Unzuek. Froome izango da bihar Parisko podiumaren gainean, Romain Bardet izango da bigarren eta Nairo Quintana hirugarren.